Martin Sorreluzek U20 Trophy Munduko Errugbi Txapelketa irabazi du

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 1a, 09:35

Martin Sorreluz, bigarrena ezkerretik hasita, U20 Trophy Munduko Errugbi Txapelketako garaipena ospatzen taldekideekin. (Ferugby)

Espainiako selekzioarekin aritu da jokalari zarauztarra eta hasierako hamabostekoan zelairatu dute partida guztietan.

Martin Sorreluz errugbi jokalari zarauztarrak U20 Trophy Munduko Txapelketa irabazi du asteburuan Espainiako selekzioarekin. 32-39 gailendu ziren Uruguaiko selekzioaren aurkako finalean eta norgehiagoka osoa jokatu zuen Sorreluzek.

Azken horren harira, zehaztu behar da Espainiako hautatzaileak partida guztietan zelairatu duela hasierako hamabostekoan Zarautz Rugby Taldeko jokalaria. Lau izan dira Nairobik (Kenya) hartu duen txapelketan Sorreluzek jokatu dituen partidak eta guztietan lortu du garaipena.

Txapelketa irabazita, Espainiak lehenengo aldiz lortu du 20 urtez azpiko Munduko Errugbi Txapelketa absolutura sailkatzea. Aipatu adineko jokalariekin osatutako munduko 12 selekzio onenak aritzen dira bertan eta datorren urtean izango da hurrengoa. Sorreluzek, ordea, ezin izango du jokatu, ordurako 21 urte izango baititu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide