Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Ikerketaren Aldeko eguna ospatzen ari dira Zarautzen

Mireia Galarza Bastida 2023ko uztailaren 30a

Umeentzako jolasekin hasi da eguna, eta etxeko txikienek ez dute hutsik egin. Helduagoentzat, aldiz, tonbola eta bazkaria izan dira eguardian. Eguna amaitzeko, mus txapelketa izango da arratsaldean, 17:00etan. Izena bertan eman daitekela azaldu dute antolatzaileek.

Kolore berdez eta adin guztietako herritarrez bete da gaurkoan Lege Zaharren Enparantza. Izan ere, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Ikerketaren Aldeko Eguna ari dira ospatzen gaurkoan Zarautzen, eta asko izan dira horren bueltan goizean eta eguardian zehar antolatu dituzten ekintzak.

Umeentzako jolasekin hasi da eguna, eta etxeko txikienek ez dute hutsik egin. Hainbat jolas mota zeuden kokatuta Lege Zaharren Enparantzan, eta bakoitzak bere txanda hartuta, guztiek gozatu ahal izan dute horietaz. Zarauzko buruhandiak ere ibili dira herriko kaleetan zehar, eta horiek ere ikusmina sortu dute.

Helduagoentzat, aldiz, tonbola eta bazkaria izan dira eguardian. Jende andana zela eta, lehenago ireki dute tonbola, eta azkar batean sortu dira txartelak erosteko ilarak. Behin erosita, asko izan dira etxera sari bat eskuan zutela joan diren herritarrak. Beste batzuk, berriz, bazkalorduan ere plazan jarraitu dute, goizean zehar prestatutako paella jateko prest. Marisko eta haragi paella izan dute aukeratzeko herritarrek, eta gustura dastatu dute hori. 

Eguna amaitzeko, mus txapelketa izango da arratsaldean, 17:00etan. Izena bertan eman daitekela azaldu dute antolatzaileek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide