Santa Klarako etorkizuna lantzeko parte hartze prozesua abiatuko dute datorren astean

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 29a, 09:30

Iker Basurko eta Leire Arana, Santa Klara komentuko parte hartze prozesuaren kartelarekin. (Aritz Mutiozabal)

Santa Klara LAB egitasmoaren lehen fasea abuztuaren 4tik 31 bitartean izango da, eta ate irekiak egingo dituzte komentuan. Era berean, galdetegi bat jarriko dute herritarren eta eragileen iritziak nahiz ekarpenak jasotzeko.

Zarauzko Udalak parte hartze prozesu irekia jarriko du abian datozen hilabeteetan Santa Klara komentuaren etorkizuna zarauztar guztien artean hausnartzeko. Santa Klara LAB izena jarri diote  egitasmoari, "ideien laborategi bat" izatea nahi dutelako, "herritarren eta kultur eragileen ekarpenak nahiz iritziak entzuteko eta jasotzeko prozesu bat", Partaidetzako zinegotzi Leire Aranak nabarmendu duenez. Hainbat fase izango ditu dinamikak, eta lehendabizikoa abuztuaren 4tik 31ra egingo dute.

Lehenik eta behin, herritarrak gonbidatu nahi dituzte Santa Klara komentura, eta horretarako ate irekiak egingo dituzte hilabete osoan. Bertaratzeko ez da aurrez izenik eman behar, eta ordutegia ondoregoa izango du: asteazkenetan eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara, eta astelehen, astearte, ostegun, ostiral eta larunbatetan, 18:00etatik 21:00etara. Bertaratzen direnek erakusketa gela eta klaustrora sartzeko aukera izango dute, eta bertan, eraikin multzoaren eta aretoen planoak izango dituzte eskuragarri, Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideek ateratako argazkiak eta eraikinaren inguruko informazioa ematen duen ikus-entzunezkoa. Era berean, galdetegi bat diseinatu dute, bisita egin ondoren, online erantzun ahal izango dena.

Partaidetzako zinegotziak aurreratu duenez, galdetegiak bizpahiru bide izango ditu; alde batetik, herritarrei zuzendurikoa, eta bestetik, sortzaileei, eragileei eta kultur elkarteei gehiago bideratutakoa. Galdetegia betetzeko ez da ezinbestekoa izango Santa Klarara joatea, etxetik ere parte hartu ahal izango da. Zarauzko Udaleko zarautz.eus webguneko Parte hartu atalean sartuta, norberak nahi duen momentuan betetzeko aukera izango du; Zarauztik kanpo dauden bizilagunek ere parte hartzeko aukera izango dute, modu horretan. Atari digitalean, gainera, komentuko planoak eta azalpen bideoa txertatuko dituzte.

Bilera irekia, irailean

Urbanbat gizarte ekimeneko kooperatibako kideen laguntza teknikoa izango dute prozesu osoan zehar., eta aipatu enpresak jasoko ditu abuztuko iritzi eta ekarpen guztiak. Gero, irailean zehar kultur eragileekin bilerak egingo dituzte, haien ikuspuntuak lehen eskutik jasotzeko, eta irailaren 27an saio ireki bat egingo dute herritarrek, eragileek eta ordezkari politikoek. "Bilera horren helburua izango da abuztuan eta irailean jasotako ekarpen, ideia eta amets guztia mahai gainean jarri eta lehentasunak zehaztea", aditzera eman du Aranak.

Saio ireki horretan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Horren inguruko informazioa irailean zabalduko duten arren, abuztuko online galdetegia betetzen dutenek horren amaieran izena emateko aukera izango dute.

Zentzu horretan, Aranak zehaztu du parte hartze prozesu hau komentuaren ingurukoa dela soilik, eraikinaren egokitzapen lanak egiteko proiektua lehenbailehen idatzi behar delako. Amalur parkearen inguruan ere herritarren iritzia ezagutu nahi dute, baina argi utzi nahi izan du prozesu hori datorren udaberrian irekiko dutela.

Dirulaguntza eta epeak

Zarauzko Udalak Next Generation funtsen dirulaguntza deialdira aurkeztu zuen Santa Klara komentua ekipamendu soziokultural bihurtzeko birgaitze eta eraberritze proiektua, eta Espainiako Ministerioak gehienezko 3.000.000 euroko laguntza eman zion apirilean. Hori horrela,  lan horiek burutzeko exekuzio proiektua idazteko unea iritsi dela azaldu du Iker Basurko Agenda 2030 eta Proiektu estrategikoen zinegotzi arduradunak, eta horregatik zabaldu dutela parte hartze prozesu orain.

Basurkoren esanetan, "diru-laguntzetara aurkeztutako proiektuaren kronograman jasotzen da obrek urtebete baino lehen hasi beharko dutela, eta nahitaez, laguntza-deialdi honen oinarriek hala zehazten dutelako. Gure aurreikuspenen arabera, obrek 2024ko apirilean hasi eta 2026ko martxoaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute”.

Komentuari eta parte hartze prozesuari dagokionez, baikor agertu da Proiektu estrategikoen zinegotzia. Etorkizunerako den espazio soziokulturalaren erabilera definitzea  herriarentzat "aukera paregabea" dela iritzi dio, eta "horrela jasota dago Zarautz 2030 proiektu estrategikoan". "Orain, gure herriarengan pentsatuz ekarpenak egiteko unea da, etorkizunean Santa Klara zer izango den definitzeko, betiere gogoratuz errespetatu beharreko ondare-babes maila daudela eta horiek markatuko dutela proiektua”, gaineratu du Basurkok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide