Nafarroa eta San Inazio kaleak itxiko dituzte bihar eguerdian Donostiako Klasikoagatik

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 28a

Donostiako Klasikoa Zarauztik igarotzen. (Hitza)

Lasterketa 11:36-11:40 aldean iristea aurreikusi dute. Hala ere, 11:00etatik 12:15era ibilgailuentzat moztu egingo dituzte bi kaleak.

Bihar jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta aurten ere Zarauztik igaroko da. Hori dela eta, Nafarroa kalea eta San Inazio kalea itxita egongo dira eguerdi partean, 11:00etatik 12:15era.

Ohi bezala, Donostiatik abiatuko da lasterketa, eta Oriotik iritsiko da Zarautzera tropela: 11:36-11:40 inguruan iristea aurreikusi dute lasterketaren antolatzaileek. Meagan (3. mailakoa) izango dute eguneko lehen mendatea, handik zuzenduko baita lasterketa Aizarnazabalera.

Ondoren, Zestoa eta Azpeitia lotuko dituzte. Azpeititik, berriz, Errezilera zuzenduko da tropela, eta hango Iturburuko (2. mailakoa) mendatea eginda agurtuko dute txirrindulariek eskualdea. Guztira, 42 kilometro eskas egingo ditu Donostiako Klasikoak Urola Kostan.

  • Orio: 11:29-11:31 aldean.
  • Zarautz: 11:36-11:40 aldean.
  • Meaga (3. mailakoa): 11:42-11:46 aldean.
  • Aizarnazabal: 11:51-11:56 aldean.
  • Zestoa: 11:57-12:03 aldean.
  • Azpeitia: 12:09-12:15 aldean.
  • Errezil: 12:22-12:31 aldean.
  • Iturburu (2. mailakoa): 12:29-12:38 aldean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide