Eskaintza anitza izango du 35. Udako Musikaldiak

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 30a

Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea, Udako Musikaldiko kartelarekin. (Zarauzko Udala)

Abuztuko ostiraletan izango dira emanaldiak Santa Klara elizan, eta aurten sarrerak gonbidapen bidez jaso beharko dira, Modelo aretoko txarteldegian.

Abuztuarekin batera, musika klasikoaz gozatzeko aukera aparta izango dute bete urte batez zarauztarrek zein bisitariek Udako Musikaldiaren barruan. Aurtengoa zikloaren 35. edizioa da, eta bigarren urtez, Santa Klara eliza izango du emanaldietarako gune. Guztira, bost kontzertu antolatu ditu udaleko Kultura departamentuak, nagusiki hileko ostiral arratsaldetan, 20:00etatik aurrera.


Musika klasikoa bere osotasunean eskaintzea du helburu musikaldiak, eta horretarako egitarau interesgarria ondu dute, askotariko proposamenekin. Abuztuaren 4an izango da lehen saioa, eta Ensemble Soinuaren Bidaia Quintet taldeak Topaketak izeneko kontzertua eskainiko du. Abuztuaren 11an, berriz, Joxan Goikoetxea eta Euskamerataren txanda izango da, Ez dok, badok: Oteizaren mailua kontzertu bereziarekin. Abuztuaren 18an Trio Arriaga hirukoak biolin, biolontxelo eta piano emanaldia eskainiko du, eta abuztuaren 25ean, Judith Jauregi piano-jotzaile donostiarraren dohainez gozatzeko parada izango da.

Azkenik, Udako Musikaldiari amaiera emateko, organo kontzertua eskainiko du Benantzi Bilbao musikari bizkaitarrak; kontzertua abuztuaren 27an programatu dute, igandearekin. Hain justu ere, udalak zaharberritu berri duen elizako organoarekin ariko da Bilbao, eta musika tresma jendaurrean erakusteko bide izango da aipatu kontzertua.


Santa Klarako organoa

Santa Klara komentuaren eta inguruko lurren erosketaren ondoren, Zarauzko Udalak bertan dauden elementuen azterketa eta berrikuntza prozesua jarri du abian. Horren haritik, elizako organoak zaharberritzeko eta konpontzeko beharra zuela ikusi zutela adierazi du Kultura zinegotzi Irune Urbietak. Hori horrela, "ehun urtetik gorako musika instrumentu hau berreskuratzeko lanak abiatu ditugu. Behin lanak amaituta, zarauztarrei herriko altxor hau aurkezteko, Udako Musikaldiaren programa organo kontzertuarekin amaituko dugu”.

Santa Klara elizan aurkitzen den organoa 1894an instalatu zuten, eta denboraren poderioz bere osotasunean ongi eutsi dion arren, hainbat elementuk konponketak behar izan dituzte. Hori dela eta, 16.274,50 euro (BEZ barne) bideratu ditu udalak zaharberritze lanak egiteko.

Gonbidapenak Modelo Aretoan

Udako Musikaldiko kontzertuak doakoak izaten dute, baina aurten, berrikuntza gisa, gonbidapen bidez kudeatuko dute sarrera. Santa Klara elizak 230 lagunentzako edukiera mugatua du, eta kontzertuez gozatu nahi dutenek Modelo aretoan eskuratu ahal izango dituzte gonbidapenak aurrez.

Sarrerak kontzertu egunetan bertan jaso ahal izango dira – abuztuaren 4an, 11n, 18an eta 25ean– Modeloko txarteldegian, ondorengo ordutegian: 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19:30era, hain zuen ere

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide