Plazara, dantzara

Julene Frantzesena 2023ko uztailaren 29a

Hainbat herritar dantzan, Zarautzen, duela bi asteko erromeria saioan. (Aritz Mutiozabal)

Trikitia eta plaza. Gipuzkoan hainbat gune bereganatuta dauzkate trikitiak eta panderoak, Aiako Andatza auzoko Aristerrazu plaza, esaterako. Besteak beste, Urbian egingo dute saioa, astelehenean, eta aurtengo udan hasi berri dira jaiegunetan Zarauzko Musika Plaza girotzen

Udako igande arratsaldeetarako badute plana zarauztarrek eta bisitariek: uztailaz geroztik, asteburuero, erromeria saioak egiten ari dira Musika Plazan. Uztailaren 2an izan zen lehen saioa, eta abuztuaren bukaera bitartean izango dute herritarrek dantzarako aukera; igande honetan, esaterako, Izer eta Alabierrek eta Laja eta Narbaizak girotuko dute plaza (19:30).

Zarauztik kilometro gutxira bada erromeriaren tenplu bat: Aiako Andatza auzoko Aristerrazu plaza. Azaroaren 1ean hasi eta sanjoanetara bitartean, erromeriazaleek han izaten dute igandeetako eta jaiegunetako zita. Udan geldialdia izaten dute, ordea, eta hain zuzen, Zarautzen izango dute dantzan jarraitzeko parada.

Zarauzko Udalak ehundik gora ekitaldi antolatu ditu aurtengo udarako, eta horien artean dira erromeriak ere. “Denetik eta denentzat” ekitaldiak antolatu nahi izan ditu udalak, Leire Arana zinegotziak azaldu duenez. “Uztaileko eta abuztuko igandeetako berbenek eta dantzaldiek arrakasta handia izaten zutela ikusten genuen, baita mutxikoek ere, eta gure nortasunaren isla diren erromerien aldeko apustua egitea erabaki dugu”.

Orain arte lau dantzaldi egin dituzte Musika Plazan, eta, balorazioa egiteko “goizegi” dela uste duen arren, saioek erantzun “oso ona” izan dutela jakinarazi du Aranak. “Igande batean zirimiria egin zuen, eta dantzariak plazako kioskora igo ziren, trikitilarien ondora. Horrek erakusten du badela dantzarako gogoa Zarautzen. Gainera, dantzara animatzen ez den jendea ere joaten da emanaldia ikustera”.

Musika Plaza betidanik “dantzaren eta musikaren elkargunea” izan dela nabarmendu du Aranak, eta, hain zuzen, haren hitzetan, horrek egiten du gune hori berezi. “Zarauztarrontzat tradizioa da dantzan kioskoari birak ematea. Horixe da erromerientzat, berbenentzat eta kontzertuentzat lekurik aproposena”.

Zarauztarrek erromeriak “oso gustuko” dituztela azpimarratu du zinegotziak. “Eta baita inguruko herrietako bizilagunek ere. Gainera, Zarautzera etortzen diren bisitariek gure tradizioa eta nortasuna bertatik bertara ezagutzeko ekitaldi aproposak direla uste dugu”.

Transmisiorako tresna

Erromeriak transmisiorako ere baliagarri izan daitezkeelakoan dago Arana. Izan ere, haren iritziz, euskal tradizioak eta nortasuna islatzen dituzten egitasmo guztiak dira garrantzitsuak. “Trikitiaren eta euskal dantzen zaletasuna bada Zarautzen eta inguruko herrietan, eta halako egitasmoak herrietako plaza nagusietan antolatzeak lagun dezake transmisio lanean”.

Iosu Arrizabalaga Izer azkoitiar trikitilariaren hitzetan, “zoragarria” da Zarautzen martxan jarri duten egitasmoa, eta “aberasgarria” ere bai: “Jendearen buruetan, ohituraz, sartuta dago erromeriak gain behera daudela, jende gutxi izaten dela erromerietan, baina egiatik urruti dago uste hori. Ikusi besterik ez dago Aristerrazun zer mugimendu izaten den igandero”. Hark dioenez, 50 herritatik joandako erromeriazaleak elkartu izan dira Aiako Aristerrazun igande xume batean. “Hori oso indartsua da euskara panderoaren eta trikitiaren bueltan elkartzeko”. Zarauzko Udalak horren aldeko apustua egin duela eta, eskertuta dago trikitilari azkoitiarra.

Uda sasoia izanik, trikitia hartuta herriz herri dabil aspalditxoan Arrizabalaga. Hark azaldu duenez, ez da erraza erromerien bueltan zer festa ikusten diren sinestea. “Erromeriak beharrezkoak dira gizartean, baita gure baitan ditugun eta gozatzen uzten ez diguten lotsak eta tabuak eraisteko ere. Zorionez, gaur egun edozein adin tartetako jendea ikusten da erromerietan dantzan”.

Pandemiaren eragina

Erromeriak “osasuntsu” daudela uste du soinu jotzaileak. Pandemiaren aurretik ere hala zeudela adierazi du, eta ondorena “kristorena” izan dela. “Tristuraren preso egon da jendea, eta trikitiak zerbait badu, alaitasuna du; orain, jendea oso animatuta dabil plazetan”. Duela egun batzuk Asteasuko Santamañan izan zirela kontatu du, eta 11:00etatik 03:00etara ez zela soinu hotsik falta izan. “Erromeria bukatu genuenean, erretiratu nahi ez zuen gazte pila bat zegoen han; bozgorailua atera zuten, eta, une horretan edozein musika jarriko zutela espero banuen ere, Laja eta Landakandaren piezak jarri, eta dantzan hasi ziren. Harrituta etxeratu nintzen, etorkizuna badela esanez”, kontatu du Arrizabalagak.

Zarauzko igandeko saiorako “gogoz eta ilusioz” dago trikitilaria. Agertokian plazaz plaza arituz, zilarrezko ezteiak beteta dago Izer eta Alabier bikotea, eta “asko” maite ditu Laja eta Narbaiza ere. Arrizabalagak ez du zalantzarik ondo moldatuko direla etzi ere. “Ondo pasatuko dugu, eta jendeak ez du arrazoirik faltako gozatzeko”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide