Hondartzako hondakinen prebentziorako kanpaina azken txanpan sartu da

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 27a, 14:30

Emaus fundazioak bihar amaituko ditu malekoiko tailerrak eta antzerkiak antolatu ditu astebururako. Halaber, MATER ontzia etorriko da igandean mikro plastikoak jasotzeko.

Emaus gizarte fundazioa Zarautzen da egunotan Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldeko hondartza guztietan egiten ari den sentsibilizazio kanpaina tarteko. Hondartzako zaborra biltzeaz kontzientziatu nahi dute eta hainbat jarduera hezitzaile ari dira egiten horretarako. Haurrei zuzendutakoak dira bereziki.

Hori horrela, tailerrak ari dira egiten itsas pasealekuko parkean astelehenetik 11:00etatik 14:00etara. Lokotx hondakinen bilketa jolasa da tailerretako bat: "Ohiko lokotx bilketaren antzekoa da, baina lokotx arruntak jarri beharrean, hondakin mota desberdinen izenak daramaten lokotxak jarri ditugu eta parte hartzaileek dagokion edukiontzian sartu ditzaten. Oso ariketa baliagarria da haurrentzat, batez ere, zaborra ongi bereizten ikasten dutelako jolasaren bitartez eta oso modu bisualean", azaldu du Idoia Larrañaga Emaus fundazioko langileak.

Horrez gain, egurrezko arraina ere ari dira osatzen hondakinekin: "Hondartzara bidaltzen ditugu haurrak hondakin bila eta ekartzen dizkigutenak arrain forma duen egurrezko xafla batean pegatzeko eskatzen diegu gero. Arraina zaborrez estaltzea da asmoa. Azken bi asteetan Zumaian eta Getarian izan gara eta dezente bete ditugu bertako egurrezko arrainak. Zarautzen, ordea, euria egin digu astelehenean eta asteartean eta jende gutxi gerturatu zaigu", zehaztu du Larrañagak.

Emaus fundazioak pentsamenduen liburua ere osatu nahi du kanpaina honetan. Horretarako, "ametsetako hondartza" marrazteko eskatzen diete haurrei. Hondartza horietan, apenas dago hondakinik. "Arrain exotikoak dira nagusi", dio Lander Izak txantxetan. Fundazioko langilea da Iza ere, eta zehaztu duenez, atzo gerturatu zitzaien haur gehien: "Udalekuetatik etorri ziren eta saio atsegina izan genuen".

Datozen egunei begira, bihar amaituko dituzte aipatutako tailerrak eta asteburuan bestelako ekitaldiak izango dituzte. Larunbatean, hondakinen prebentzioaz kontzientziatzeko kaleko antzerki bat egingo dute 17:00etan, malekoian, era berean. Igandean, berriz, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa etorriko da. Hori ere, zaborra biltzen arituko da hondartzan, mikro plastikoak, batez ere. Horrekin batera, Zabor eta Bio erraldoiak ere ekarriko dituzte eta beste antzerkitxo bat egingo dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide