"Ateratzen den dirua gaixotasunak sortzen dituen gastuak arintzeko da"

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 27a

Ramon Granado eta Juanjo Uria antolatzaileak tonbolako opariekin. (Aritz Mutiozabal)

Azken urteetako etenaren ondoren, AEA Eguna egingo dute igande honetan. Bi mila opari inguru banatuko dituzte elkartasun tonbolan; txartel bakoitzak euro bat balio du.

AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Ikerketaren Aldeko Eguna ospatuko dute igandean, Lege Zaharren enparantzan. Adela Gipuzkoako kide Juanjo Uria eta Ramon Granado zarauztarrak dira egitasmoaren sustatzaileak, eta duela bost hilabetetik buru-belarri dabiltza dena ongi atera dadin. Bien artean antolatzen dute guztia, eta gero, lagunek eta familiako kideek laguntzen diete, baita Montes Solidarios eta Ezina Ekinez Egina mendizale elkarteek ere. Halaber, Zarauzko Udalaren babesa jasotzen dute. 

Uriarengandik sortu zen ideia: gaixotasunak sorrarazten dituen gastu ekonomikoei aurre egiteko elkartasun tonbola antola zezaketela otu zitzaion. "2013an planteatu zidan, eta egitasmo polita sortu genuen goizetik gauera. Herritarrek sekulako babesa eman ziguten, bat egin zuten kausarekin. Izugarria izan zen, benetan. Harrezkero, bi urtean behin egiten dugu", gogora ekarri du Granadok.

Antolatzen duten aldiro jendea "itzel" portatzen dela azpimarratu du Uriak: "Argi utzi behar da tonbolatik ateratzen dugun etekin ekonomikoa, handia ez baldin bada ere, gaixotasunak sortzen dituen gastuak arintzeko erabiltzen dugula, gastu ikaragarria izaten delako". Errehabilitaziorako, zaintzaile bat izateko eta bestelako kostuak ordaintzeko izaten da diru irabazi hori. Gaixo batek batez beste 12.000-13.000 euroko gastua izaten du materialetan eta zaintza beharretan, Uriak jakinarazi duenez.

Bestalde, zaintzailearen ifrentzua ere hor dago, eta hori kontuan hartzeko beste faktore bat izaten da. "Denboraren poderioz, bera geratzen da gaixorik edo kaltetuta. Oso zaintza eredu intentsiboa da. Izan ere, kanpora begira, erraza dirudi guztiak, baina etxe barruan bakoitzak bere errealitatea du", kontatu du Uriak. "Zentzu horretan, zorteduna naiz kakotsen artean, nire emazte Ana Mosqueraren gaixotasuna oraindik mantso doalako. Gainera, bizitzaren aurrean duen jarrera izugarria da. Eredu da guztiontzat", dio senarrak. Eredu izateaz harago, zutabe bat gehiago dela zehaztu du Granadok: "Ez duzu inoiz triste ikusiko; beti barrez dago, beti umoretsu, unerik gogorrenetan ere bai".


Jendearen borondatea

Pandemiaren eraginez, 2019tik antolatu gabe egon ondoren, aurten berriro heldu diote AEA Egunari. Duela hamar egun inguru elkartasun tonbolan zozkatuko dituzten sariak jarri zituzten erakusgai Nekane arrandegia zeneko erakusleihoan, eta horrek ikusmin handia sortu du herritarren artean.

Bi mila opari inguru lortu dituzte, guztiak kirol elkarteen, ostalarien nahiz merkatarien eta norbanakoen borondateari esker. Horien artean, eliteko kirolarien elastikoak daude sinatuta, etxetresna elektrikoak, urdaiazpiko pieza osoak, otorduak hainbat jatetxetan eta bizikletak, besteak beste. Opari oso onak daude, baina baita besterik gabekoak ere; eta, nola ez, saririk ez duten txartelak. Guztira, 5.500 boleto inguru aterako dituzte, eta bakoitza euro batean jarriko dute salgai.

Egun osoko egitaraua, kausa baten alde


AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Ikerketaren Aldeko Eguna igande eguerdian hasiko da, Adela Gipuzkoako arduradunen eta Zarauzko Udaleko ordezkarien aurkezpenaren ondoren. 12:15 aldera, tonbolako txartelak erosteko aukera izango da, haurrentzako jarduerak izango dira eta taberna irekiko dute. Edonola ere, tonbolako opariak ematen ez dira 13:30ak arte hasiko.

Era berean, bazkari herrikoia antolatu dute, eta Gabino Alustizak 300 lagunentzako paella prestatuko du. Bost euroan paella platerkada, postrea eta edaria eskainiko dituzte. Txartelak aurrez eros daitezke Salegin, Tivolin eta Lukas ardotegian. 

Arratsalderako, berriz, mus txapelketa antolatu dute; 17:00etan hasiko dira jokoan eta 32 bikotek parte hartu ahalko dute, 20 euroko inskripzioa ordainduta. Egun osoan, gainera, mikro irekia eta zuzeneko musika izango dituzte.

Egun bat lehenago, larunbatean, Ama film dokumentala eskainiko dute Modelo aretoan, doako sarrerarekin. AEAren aurkako bost oihu aurkezten ditu ikus-entzunekoak. Emanaldia 12:00etan izango da,eta ondoren, Adela Gipuzkoako ordezkariek hitzaldia eskainiko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide