Donostiako Klasikoa Zarauztik igaroko da larunbatean

Andoni Elduaien 2023ko uztailaren 26a

Donostiako Klasikoa eskualdetik igaro ohi da ia urtero. (Artxiboa)

Guztira, 42 kilometro eskas egingo ditu Donostiako Klasikoak Urola Kostan. Lasterketa Zarautzera 11:36-11:40 aldean iristea aurreikusi dute lasterketaren antolatzaileek. Eskualdeko herri gehiago ere zeharkatuko dituzte txirrindulariek, hain zuzen, Orio, Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia eta Errezil.

Larunbatean, uztailak 29, jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta aurten ere Zarauztik igaroko da. Ohi bezala, Donostiatik abiatuko da lasterketa, eta Usurbilerako bidea hartuko du segituan. Handik iritsiko da proba eskualdera, Usurbildik Oriora zuzenduko baita tropela.

Segidan, Zarautzera hartuko dute txirrindulariek. Hain justu, Zarautzera 11:36-11:40 inguruan iristea aurreikusi dute lasterketaren antolatzaileek. Meagan (3. mailakoa) izango dute eguneko lehen mendatea, handik zuzenduko baita lasterketa Aizarnazabalera. Gero, Zestoa eta Azpeitia lotuko dituzte. Azpeititik, berriz, Errezilera zuzenduko da tropela, eta hango Iturburuko (2. mailakoa) mendatea eginda agurtuko dute txirrindulariek eskualdea. Guztira, 42 kilometro eskas egingo ditu Donostiako Klasikoak Urola Kostan.

Lasterketaz gehiago

2023ko Donostiako Klasikoaren ibilbideak kilometro gehiago (230,3 kilometro, guztira) izango ditu aurten. Probaren amaiera oso gogorra izango da. Hasiera kostaldetik egingo dute txirrindulariek, lauan, eta aproposa izango da eguneko lehen ihesaldia sortzeko. Lasterketaren bigarren zatian iritsiko dira igoerak: Alkiza (3. mailakoa), Jaizkibel (2. mailakoa) eta Erlaitz (1. mailakoa). Hiru igoera horietan gauzak argiago ikusteko aukera izango da, eta txirrindulari indartsuenak lasterketaren gero bideratzen ahaleginduko dira. Aurten, Erlaizko mendatea helmugatik urrunago izango dute txirrindulariek.

Mendizorrotz (2. mailakoa) eta Murgil (2. mailakoa) mendateak igotzen hasi aurretik, Donostiako bulebarretik igaro beharko dute txirrindulariek. Murgilgo mendatea laburra da, baina oso aldapa gogorrak ditu, eta posible da lasterketa irabazteko faboritoak han bereiztea. Murgiletik bigarrenez igaro ondoren, 8 kilometro eskas geratuko zaizkie parte hartzaileei helmugaraino.

Hona hemen lasterketa eskualdetik igarotzeko Donostiako Klasikoak eman duen gutxi gorabeherako ordutegia:

  • Orio: 11:29-11:31 aldean.
  • Zarautz: 11:36-11:40 aldean.
  • Meaga (3. mailakoa): 11:42-11:46 aldean.
  • Aizarnazabal: 11:51-11:56 aldean.
  • Zestoa: 11:57-12:03 aldean.
  • Azpeitia: 12:09-12:15 aldean.
  • Errezil: 12:22-12:31 aldean.
  • Iturburu (2. mailakoa): 12:29-12:38 aldean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide