Zarauztarren doinuak

Erik Balenziagaren doinuak

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 16a

Erik Balentziaga 2022ko Zarauzko gizonezko kirolari onenaren sariarekin, Kirol Sariak galan. (Aritz Mutiozabal)

Herritarrek hautatutako bost abesti jaso ditu Zarauzko Hitzak udako oporren bueltan Zarauztarren doinuak izeneko txokoan. Aste honetan, Erik Balentziaga eskubaloi jokalariak hautatu ditu bere kantu kutunak.

1. FAQ (Berri txarrak)

Talde bat aukeratu beharko banu Berri txarrak izango litzateke lehenengoa. Kanta honekin bizitzako nahiak eta egin beharrak balantzan jartzen ditut entzuten dudan bakoitzean. Abesti sakon asko ditu taldeak baina ni honekin geratzen naiz. 

2. Gora kopak (Gatibu)

Doinu dantzagarrienak ditu talde honek, energia positiboz betetakoak. Etxetik kanpo egonda etxekoekin eta lagunekin ospatzeko ditudan aukera urriak ekartzen dizkit burura eta horiek aprobetxatu beharra sortzen dit barruan.

3. La mujer de verde (Izal)

Galizian nengoela erakutsi zidaten abesti hau eta horrela ezagutu nuen taldea. Nire hasierak ekartzen dizkit gogora eskubaloi profesional munduan, morriña pixka bat sentitzen dudala esan dezaket entzutean.

4. Kalanbreak (Gozategi)

Entzutearekin batera dantzan jartzen naiz. Hala ere, hau bezala beste ehunka abesti jarri nitzake. Herriko festetako erromeriak gogoratzen dizkit eta niretzat egon daitezkeen kontzerturik hoberenak dira. Barruko onena ateratzen didate.

5. Sweet caroline (Dj Ötzi)

Abesti hau berez Neil Diamond Amerikarrarena da, baina nik eskubaloi munduari lotuta dagoen bertsioa aukeratu dut. Txapeldunen ligako lauko finaleko ereserki ez-ofiziala da nire iritziz eta entzuten dudan bakoitzean bertan egon nahi dudala datorkit burura. Bi aldiz egon naiz ikusle bezala eta ia ezinezkoa dela jakinda ere, beti amestu izan dut jokalari bezala bertan egotearekin ere, batek daki...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide