Zarauztarrik onenak izan zarete asteburuko bi igeriketa probetan. Zein da hurrengo erronka, lehenengo hamar igerilarien artean sailkatzea akaso?
Unai Agirre: Entrenatu dugunerako nahiko txukun ibili gara. Hala ere, berdin zitzaidan lehenengo hamarren artean edo lehenengo hogeien artean sailkatu. Lehenengo zarauztarra izatearekin konforme nintzen etxera urdaiazpikoa eramateko. Lortu dut eta gustura nago.
Nora Zabala: Ni ere egia esan oso pozik nago egindako lanarekin. Aspaldian ez dut igeriketa probarik lehiatu, iaz ere egin nuen Getaria-Zarautz, baina 5.000 metrokoa lehen aldiz egin nuen larunbatean eta, egia esan, oso gustura geratu nintzen. Talde lanean egin nuen proba goiztean entrenatzen dugun beste igerilari batzuek eta nik eta asko gozatu genuen. Itsasoa alde genuen, eguraldia ere bai, baldintza eta giro ezin hobeak. Antolakuntza aldetik ere guztia izan zen primerakoa.
Aipatu dituzuen baldintza horiek ere ahalbidetu dute aurtengoan marka guztiak haustea. Zuek ere hobetu dituzue zuenak?
U.A.: Uste dute zertxobait baietz, baina ez dut askorik begiratu, egia esan. Marea behe-behean zegoen eta itsasoa bare-bare, igeriketa egiteko perfektu. Beraz, ez da harritzekoa jendeak bere marka hobetu izana.
N.Z.: Nik aspaldi egin nuen nire denbora onena, baina denboraldi luze batean igeriketa albo batera utzi dudala kontuan izanda oso gustura nago orain lortutakoarekin.
Beldurra ere bazen marmoka izan zitezkeelako. Halakorik ez da izan azkenean, baina izan du eraginik kezka horrek zuengan?
U.A.: Nik lasai egin dut igeri. Dena den, egia da larunbatean pentsatu nuela Mollarrin bira ematerakoan topo egin genezakeela marmoka talderen batekin, baina aurkituta ere ez zitzaidan asko axola. Lasterketan zentratuta nengoen eta baten batek pikatuz gero aurrera jarraituko nuen.
N.Z.: Nire antzera nengoen. Goizean aipatu zuten ez zegoela marmokarik, baina egonez gero ere lasai nengoen, pentsatuta, aurrekoei pikatuko zietela eta gu iristerako jakingo genuela nondik ez pasatu [txantxa egiten du].
Zarauztar onena izatearekin konformatzen zinela aipatu duzu Unai. Urdaiazpikoaz harago, bada ohorearekin eramaten den zerbait herriko proban herriko lehenengo igerilaria izate hori?
U.A.: Zertxobait agian bai, batez ere klub barruan eta igeriketa jarraitzen dutenen artean. Beti da gustagarri eta beti eskertzen da jendearen errekonozimendu, zorion mezu eta animo hori. Nolanahi ere, ez diot bestelako garrantzirik ematen.
N.Z.: Zerbait polita da herriko igerilari onenaren saria jasotzea zeharkaldiak gero eta izen handiagoa duelako, batez ere. Beraz, horrelako sari bat jasotzeak pozten zaitu eta urte osoan igeri egiten jarraitzera ere animatzen zaitu.
Bainu jantzi, uretako betaurreko eta txapelarekin zaila izaten da inor ezagutzea, baina lehen zarauztarra iristen ari dela identifikatzea nabaritzen al da zalegoaren animo oihuetan? Ozenago aritzen dira?
N.Z.: Izan daiteke, bai. Horixe da proba honen politena gainera, dagoen giroa.
U.A.: Beti dago baten bat ezagutzen zaituena, bai eta haren atzetik gainontzeko guztiak hasten dira zure izena esaten. Gainera, ezagun jaisten dira hondartzara helmugatik gertu kokatzeko. Neronek agurtu ditut lagun batzuk uretatik irtetean. Egun handia izaten da.
Probak gero eta izen handiagoa izate horrek zailagoa ere egiten du hasieran aipatzen genituen ohorezko postu horietan sailkatzea, ezta?
U.A.: Bai, aurten ere Zarautz-Mollarri-Zarautz Espainiako Ur Irekietako Zirkuituan sartu dutenez, estatuko igerilari onenak etorri zaizkigu, baita atzerritarrak ere. Lasterketa barruan asko igartzen da hori; izan ere, oso azkar zihoazen gure aurreko igerilariak. Gu, berriz, lasaiago, gure erritmora.
Dena den, poztu ere egingo zarete herriko lasterketak izandako gorakadarekin eta Zarautzera goi mailako igerilariak etortzearekin, ezta? Urteren batean arituko zineten zuek ere antolaketan laguntzen, ziur.
U.A.: Biok klubeko kide izan gara eta badakigu zer den atzean dagoena. Gaur egun ere klubean aritzen diren haur guztiak aritu dira laguntzen, baita haien gurasoak ere. Lan horri esker hobetu du txapelketak urtez urte.
N.Z.: Txapelketa aurrera eramateko boluntario pila bat behar da eta jendea laguntzeko dago laguntzeko prest. Hala erakutsi dute urtero eta aurten ere halaxe izan da.