Asteburu borobila izan da ZAE Zarautz Arraun Elkarteko ETE ligako traineruarentzat atzean geratu berri dena. Larunbatean, Sestaon (Bizkaia), nahiz igandean, Astilleron (Kantabria, Espainia), jokatutako estropadak irabazi dituzte eta bi bandera ekarri dituzte etxera. Atzodanik ikusgai daude udaletxeko balkoian; izan ere, bertan jarri zituzten garaipenak ospatzeko arratsaldea egin zieten harrera beroaren ondoren.
Festa ospakizun horri lotuta, jende ugari bertaratu zen Lege Zaharren enparantzan txapeldunei ongi etorria emateko, ez baita nolanahikoa lortu dutena. Duela hiru urte osatu zuten ETE ligan aritzeko ontzia eta ordutik lortu dituzten lehenengo banderak izan dira asteburukoak. Bi kolpera, sekulako balentria.
Hori horrela, gogotsu astindu zituzten bi banderak herrigunean egin zuten kalejira osoan. Txistulariek eta erraldoi txikiek lagunduta egin zuten ibilbidea eta Musika Plazan egin zuten lehenengo geldialdia. Bertan, erromeria eten eta kioskora igo ziren herritarrei babesa eskertu eta banderak berriro astintzera. Andoni Egaña bertsolariak ere kopla ederrak eskaini zizkien. Handik udaletxera joan ziren alkate eta zinegotzien harrera ofiziala jasotzeko eta berriro astindu zituzten banderak. Udaletxeko balkoitik oraingoan plazan bildu ziren hamarnaka lagunei begira. Zaleen artean arraunlariei zuzendutako harrotasun begiradak ziren nagusi.