Lehia erakustaldia eskaini dute gaztetxoek itsas zeharkaldian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 23a

Ignacio Viñolas eta Enara Zubillaga nagusitu dira 800 metroko proban, eta Jon Lumbreras eta Maria Yarzabal 400 metrokoan.

Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiko haurren probetan parte hartu duten gaztetxoek oso lehiakorrak direla erakutsi dute gaur goizean. Amaierara arte estutu dute guztiek ahalik eta marka hoberenak lortzeko eta ahal izanez gero, azken esprintean aurkariren bat aurreratzeko. Hala, arnasari ezin eutsita helmugaratu dira asko.

2009 eta 2010 urteetan jaiotako gaztetxoek jokatu duten 800 metroko proba izan da horren adibide garbiena: Ignacio Viñolasek irabazi du proba, baina bigarren sailkatu den Enai Galzakortari segundo bakarreko aldea atera dio. Bi igerilariak parez pare heldu dira hondartzara eta azken korrikaldian lortu du gailentzea Viñolasek. Hirugarrena, berriz, Pablo Zulaika izan da irabazlearengandik 45 segundora. Zulaika bera izan da lehenengo zarauztarra.

Nesketan ere txikia izan da aldea lehenengo bi sailkatuen artean. Enara Zubillaga nagusitu da, baina Nora Durana bigarrena baino hamalau segundo bizkorragoa izan da soilik. Hirugarrena Nora Aranegi izan da Zubillagarengandik 42 segundora eta zarauztarrik onena, berriz, Noa Duffy.

400 metroko proba, berriz, 2009 eta 2010 urteetan jaiotako neska-mutilek jokatu dute eta Jon Lumbreras izan da guztietan azkarrena. Hamabi segundo atera dizkio Unai Eizagirre zarauztarrari eta 22 mutilen podiuma itxi duen Yeray Ortegari. Bada, Ortegarekin batera heldu da lehenengo neska sailkapen orokorreko laugarren postuan. Maria Yarzabal izan da neska hori. Hurrengoak ere berehala heldu dira: Alazne Jimenez bigarren postuan eta Karle Mangas hirugarrengoan. Neska zarauztar onena Itxaso Sasia izan da 400 metroko proban.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide