Olagarroa nagusi gaur goizetik gauera

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 23a

Galiziaren Eguna ari dira ospatzen gaur Iñurritzan Carballeira elkartearen eskutik, eta eguerdia baino lehen jende dezente gerturatu da olagarroa dastatzera. Beti bezala, Ourensetik (Galizia) etorri dira Nogueira ostalaritza enpresakoak olagarroa eskaintzera. "Kalitate handikoa" eskaintzen dute herritarren arabera, eta Karlos Arguiñano bera ere izan da mokadua egiten.

Iñurritzan olagarroa izango da jaun eta jabe gaur goizean hasi eta gauera arte. Galiziaren Eguna dute gaur, eta Carballeira elkarteak goizeko lehen ordurako prestatu du guztia herritarrei urteroko festa eguna eskaintzeko: olagarroa eta beste hainbat jaki eta edari galiziar, dantzak, eta jaialdia gaita jotzaile eta dantzariekin.

Dantzak 13:00etan hasiko dira, eta 17:00etan izango da jaialdia. Karpa, berriz, gauera arte zabalik egongo da.

Beti bezala, Nogueira ostalaritza enpresakoak ari dira olagarroa prestatzen. Ourensetik (Galizia) etortzen dira –20 urte baino gehiago daramatzate–, eta arduradunak azaldu du 800 kilo olagarro ekarri dutela. Herritarrak eguerdia baino lehen hasi dira itsas produktu zaporetsu hori dastatzen, asko Iñurritzako zelaigunean bertan, eta beste batzuek, etxera eramateko jartzeko eskatu dute. "Kalitate handikoa da, oso ona egoten da", esan dute olagarroa jaten ari zirenek. Karlos Arguiñano sukaldaria bera ere hantxe izan da mokadua egiteko.

Carballeira elkarteko 30 lagun lanean

Cristobal Feijoo zarauztarra da Carballeira elkarte gastronomikoko presidentea, eta goizean gustura zen gaurko egun lainotuarekin, "horrela jende gehiago gerturatuko delako Iñurritzara, eta lan egiteko ere eguzki beroa baino hobe delako".

Guztira elkarteko 30 bazkide ibiliko dira gaur lanean batez ere karpan, herritarrei jan-edana eskaintzeko: "Lakoia, enpanadak, txorixoa, olagarroa, Santiago pastelak, eta edateko, berriz, Ribeiro eta Albariño ardoak, eta aurten, aurreneko aldiz, Ribeira Sacrako ardo beltza ekarri dugu, ardo oso ona".

Azaldu du jende asko joaten dela goizetik janari bila, eta asko Iñurritzan bertan gelditzen diren arren, beste askok eramateko hartzen dutela olagarroa, enpanadak edo bestelako jakiak, eta "etxera, hondartzara nahiz Astira" joaten direla.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide