Irungo Real Unionek eta Eibarrek datorren denboraldia prestatzeko lagunartekoa jokatu dute gaur goizean Astin eta armaginak gailendu dira 1-0. Futbolzale ugari bertaratu da ikuskizuna ikustera, Eibarren elastikoa jantzita horietako asko.
Partida hasi aurretik Maite Irureta Roteta izan dute gogoan, atzo zendu baitzen. Hainbat urtetan Astiko kantinako langile izan zen Irureta eta minutuko isilunea egin dute haren omenez. Zarautz Kirol Elkarteak berak ere zabaldu zuen mezua atzo senideei eta lagunei doluminak adierazteko.
[DOLUMINAK]
— ZKE Futbola (@ZarautzKE) July 21, 2023
Maite Irureta Rotetak utzi gaitu, urte luzez Astiko kantinako langilea izan zena.
ZKE Futbola osatzen dugunok besarkada estu bat eta doluminak adierazi nahi dizkiegu bere senide eta lagunei.
Goian Bego.
🤍🖤 pic.twitter.com/mJao3g0V2d
Eibarrek irabazi duen demari lotuta, bestalde, Yanis Rahmanik egin du armaginen eta partidako gol bakarra lehenengo zatiko hamazazpigarren minutuan. Edonola ere, gol ederra izan da, area ertzetik jaurti baitu sareetan amaitu duen baloia.
Ordezkari zarauztarrik ere izan da berdegunean, Real Unionekin aritu den Julen Azkue, hain justu ere. Zelai erdiko jokalaria, ZKEko nahiz Eibarren harrobietan ere aritu zen, gainera. Iaz heldu zen Irungo taldera Azkue eta joan den uztailaren 5ean beste denboraldi baterako luzatu zuen kontratua. Gaurkoan hasierako hamaikakoan sartu du entrenatzaileak eta atseden hartu du bigarren zatian. Gainera, min hartuta amaitu du lehenengo zatia.