Jendez bete zen atzo arratsaldean Frontoi Txiki, izen bereko XV. Pala Txapelketako finalak bertatik bertara ikusteko. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida 18:30ean hasi zen, eta 30-19 irabazi zuten Miren Lertxundik eta Lorea Laburuk Jone Iruretagoiena eta Mireia Azpiazuren kontra.
Berez, beste bikote bat zen jokatzekoa Lertxundiren eta Labururen kontra: Karmele Martinez de Cabredo eta Haizea Goikoetxea, hain zuzen. Baina, lesioak tarteko, Iruretagoienak eta Azpiazuk ordezkatu zituzten azken bi horiek.
Ondoren jokatu zuten partida nagusia Saioa Iraolak eta Maialen Manterolak Amaia Aizpururen eta Iratxe Astigarragaren kontra. Aise gailendu zen azken bikote hori, 30-10 emaitzarekin.
Eguraldia lagun izan zuten bi partidetan, baina final nagusiaren atarian euri tantak hasi zituen, eta une batean partida tokiz aldatzeaz ere hitz egin zuten antolatzaileek. Azkenean, ateri eutsi zion, denen pozerako.