Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa jokatuko dute Aritzbatalden hurrengo astean

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 21a

Jaialdian parte hartuko duten erremontistak, eta erdian, Xabier Txurruka alkatea eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia. (Oriamendi)

Hiru egunetan Oriamendiko erremontisten sei partida ikusteko aukera egongo da, eta sarrerak leihatilan bost euroan daude salgai. Gaur arratsaldetik aurrera, gainera, gonbidapenak hartzea egongo da Turismo Bulegoan. Jardunaldi bakoitzean zozketak eta opariak egongo direla jakinarazi dute.

Bigarrenez jokatuko dute Aritzbatalde pilotalekuan Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa, Oriamendiren eta Zarauzko Udalaren eskutik. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten jaialdia udaletxean bertan Xabier Txurruka alkateak eta Oriamendiko kudeatzaile Xabier Gonzalezek, eta bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten erremontistak.

Jaialdia datorren astean izango da, uztailaren 28an, 29an  eta 30ean, Aritzbatalde pilotalekuan, 18:00etan hasita. Jardunaldi bakoitzean bina partida ikusiko dituzte zaleek, eta sarrerak eskuratzeko bi modu izango dituzte: leihatilan bertan bost euroan eros ditzakete, edo Turismo Bulegoan gonbidapenak hartu. Azken horiek doakoak dira, eta pertsona bakoitzak lauzpabost hartzea izango du, egun bakarrerako nahiz saio guztietarako.

Jardunaldi bakoitzean sariak zozkatuko dituzte, eta ikusle guztiei sarrera doan emango diete abuztuaren 5ean Galarretara joateko. Izan ere, hantxe jokatuko da erremonteko hurrengo txapelketa.

Atzo udaletxean izan ziren kirolariek nabarmendu zuten Aritzbataldeko pilotalekua egokia eta erosoa dela erremontean aritzeko, eta koloreak ere aproposak direla pilota ondo ikusteko. Bestalde, iritzi zioten "pena" dela errebotean ikusleak egoteko aukera ez izatea, "sarea falta delako".

Iazkoarekin gustura

Xabier Txurruka alkateak nabarmendu zuen Zarautzen udan "kirolak tarte garrantzitsua" izaten duela, eta "iazko esperientzia ona" kontuan hartuta, aurten erremonte txapelketari jarraipena ematea erabaki dela. "Gure inguruan biziberritzen ari da kirol hau jende askoren lanari esker, eta udalak ere bere aletxoa jarri nahi du", adierazi zuen.

Xabier Gonzalez Oriamendiko kudeatzailearen ustez ere "iaz emaitza oso ona" izan zuen Zarauzko jaialdiak, eta gustura azaldu zen berriz txapelketa egiteko aukera egon delako.

Partidak

Uztailak 28, ostirala. Finalaurrekoak

  • B taldea: Goikoetxea V.a-Apezetxea vs. Zaldua II.a-Zaldua I.a
  • A taldea: Urriza-Juanenea vs. Segurola-Azpiroz

Uztailak 29, larunbata. Finalaurrekoak

  • B taldea: Loitegi-Martirena vs. Urrutia II.a-Zubiri
  • A taldea: Ansa II.a-Larrañaga vs. Aldabe-Barrenetxea IV.a

Uztailak 30, igandea. Finalak

  • B taldeko finala
  • A taldeko finala

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide