Indarkeria matxistari erantzun, autodefentsa feminista! lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur dozenaka herritarrek 19:30ean Lege Zaharren enparantzan. Bilgune Feministak, Morroxka taldeak eta Euskal Herriko Emakumeen Martxak deitu dute protestara, herrian gertatu den azken eraso sexista salatzeko.
Ertzaintzak asteartean azaldu zuenez, 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehen goizaldean Zarauzko ostatu turistiko bateko komun publikoetan emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.
Gaurko elkarretaratzearen ondoren, idatzi labur bat irakurri dute antolatzaileek, eta mezu argia eman dute kalean aske ibiltzearen garrantziaren inguruan: "Neska gazteek jazarpen eta baboseo egoera ugari pairatzen dituzte parrandetan. Baina, argi dugu, neska gazte zein heldu, kaleak, gauak eta festa giroak ere gureak direla. Erasoen gainetik festaz gozatu nahi dugu!".
Gogorarazi dute azken hilabeteetan indarkeria matxistak "soka luzea" utzi duela Euskal Herrian, bi hilabetean lau erailketa izan direlako, eta "horri gehitu behar zaio, urtero, udako festa giroan gertatzen diren hamaika eraso".
Indarkeria matxistari "elkarrekin erantzuten eta aurre hartzen" jarraitzera deitu dute.
Hainbat mobilizazio
Gaurkoa ez da eraso horri erantzunez egin den protesta bakarra izan. Zarauzko Udalak, esaterako, atzo eguerdian egin zuen elkarretaratzea udaletxe aurrean, eta udaleko alderdi guztietako ordezkariez gain, protestan parte hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Nerea Isasi Berdintasun zuzendariak ere.
Horrez gain, Itaiak erailketa eta eraso matxisten aurrean, mugimendu horrek hausnarketa saioa antolatu du uztailaren 28rako. Saioa 18:30ean izango da, Hiruputzu gaztetxean.