Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 8 eta 9 urteko hamabi haur iritsi ziren joan den astean Urola Kostara, eta etxean hartu dituzten familietan pasatuko dute uda. Oporrak Bakean programaren bitartez bideratu dute haien etorrera Zarauzko Saharautz elkarteak eta Zumaiako Darahlik.
Umea sahararrak desertuan kokatuta dauden errefuxiatuen kanpamentuetako bero itogarritik ateratzea da programaren helburua, eta horrekin batera, medikuarenera eramatea eta osasuntsu elikatzea. Dena den, Xabier Euzkitze Zarauzko Saharautz elkarteko lehendakaria kezkatuta agertu da azken urteetako bilakaerarekin. Izan ere, duela urte batzuk 33 haurren harrera bideratzetik, soilik hirurena bideratzera igaro dira aurten.
Beherakada horri zergatia topatzen ere ahalegindu da Saharautzeko lehendakaria: "Elikagai karabanarako janari bilketa egiten dugunean ona izaten da erantzuna, baina gero eta jende gutxiago dago prest bi hilabeteko konpromisoa hartzeko, eta are gehiago bere ohiturak aldatu behar baditu eta udako oporraldia baldintzatu behar badu. Ez dakit gizartea gero eta indibidualistagoa ote den, baina programa gure eskualdean, behintzat, larri zaurituta ikusten dut. Hilzorian ez dut esango oraindik".