Atzo jakinarazi zuen Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu dutela Zarautzen emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, eta hori gaitzesteko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan. Bertan elkartu dira Zarauzko udal taldeetako ordezkariak, baita Gipuzkoako Aldundiko Nerea Isasi Berdintasun zuzendaria eta hainbat herritar ere.
Minutuko isilunearen ondoren, txalo zaparrada batekin amaitu dute elkarretaratzea, eta ondoren hitz egin dute erakundeetako ordezkariek. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, bere aldetik, atzo udalak argitaratutako adierazpena irakurri du, eta erasoaren aurrean "gaitzespenik gogorrena" agertzeaz gain, laguntza eta hurbiltasuna erakutsi dizkio biktimari.
Isasik ere antzeko mezua adierazi du. Bere hitzetan, eraso guztiek erakundeen eta herritarren "erantzun irmoa" izan behar dute gizartea "guztiona" delako, bai gizonena eta bai emakumeena. Horretaz gain, erasoak gertatzen direnean "baliabide guztiak" emakumeen esku jarri behar direla ere nabarmendu du Isasik.
Zarauzko mugimendu feministak ere protestara deitu du; bihar arratsaldean elkarretaratuko dira.