Zarauzko Udalak gaur eguerdirako deitu duen elkarretaratzeaz gain, beste bat deitu du mugimendu feministak biharko. Hain zuzen ere, Bilgune Feministak, Morroxkak taldeak eta Euskal Herriko Emakumeen Martxak Zarauzko sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute bihar arratsaldean, 19:30ean, Lege Zaharren enparantzan.
Ertzaintzak azaldu duenez, 31 urteko gizonezko bat atxilotu dute Zarauzko ostatu turistiko bateko komun publikoetan emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Ertzaintzaren arabera, erasoa astelehen goizean gertatu zen, 05:30 inguruan; abisua jaso zutenean patruila bat bertaratu zen ostalera, eta gertu zebilen gizonezkoa bertan atxilotu zuten.
Horrez gain, Segurtasun Sailak jakinarazi du Zarauzko ertzain etxera eraman zutela atxilotua, eta epailearen aurrean deklaratu ondoren, karguekin aske utzi zutela.
Hausnarketa saioa, uztailaren 28an
Azken bi hilabeteetan lau erailketa matxista izan dira Euskal Herrian, eta hamaika bortxaketa eta eraso. Horren aurrean Itaiak hausnarketa saioa antolatu du uztailaren 28rako. Hausnarketa saioa 18:30ean izango da, Hiruputzu gaztetxean.