Euskal selekzioak irabazi du Eslovakiaren aurka jokatutako saskibaloi partida

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 18a

82-68 gailendu da, azken laurdenean ihes egin ondoren. Gozatua hartu dute Lizardi aretoa ia goraino bete duten zaleek gazteek erakutsitako mailarekin.

Goi mailako saskibaloi partida eskaini zuten atzo arratsaldean Euskadiko eta Eslovakiako 19 urtez azpiko selekzioek Lizardi aretora bertaratu ziren zaleen gozamenerako. Ia bete egin zituzten harmailetako eserleku guztiak.

Jokalariak gazteak izanik ere, saskiratze nahiz jokaldi ikusgarriak egin zituzten ikusleak eserlekuetatik jaikiarazteko zenbaitetan. Partida bera ere estua izan zen oso, lehenengo hiru laurdenetan batez ere. Puntu gutxiko aldea izan zen bi selekzioen artean, nahiz eta lortu zuten tartea zabaltzea: Euskadik 8 puntuko errenta lortu zuen lehenengo laurdenean, eta 9koa ere izan zuen Eslovakiak hirugarrenean. Euskadik azken laurdenean lortutako errenta izan zen erabakigarria. Neurketaren amaieran hautsi zuen norgehiagoka, eta 14 punturen aldeaz nagusitu zen: 82-68.

Neurketa zuzendu zuten epaileen maila ere aipatzekoa da; izan ere, hirutik bi ACB ligan, Espainiako saskibaloi liga nagusian, aritzen dira, eta horietako bat Euroligan ere bai. Juan Carlos Garcia, hain zuzen ere.

Primerako jardunaldia izan zen atzokoa, atsedenaldian ere izan baitzuten entretenimendurik harmailetan bildutako zaleek: Zarautzen Udako Campusa egiten ari diren kimu mailako mutilek kantxa hartu zuten, eta partida laburra jokatu zuten bi taldetan banatuta. Gazteak izanik ere, erakutsi zuten trebeak direla baloiarekin.

Horrez gain, Xabier Txurruka alkatea eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia ere kantxaratu ziren bigarren zatiari ekin aurretik. Talde bakoitzeko kapitainei oroigarria emateko baliatu zituzten atsedenaldiko azken minutuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide