Adarrak luzatuko ditu udarak

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 18a

Fundacion Tony Manero taldea iazko Adarretatik jaialdian, Munoa plazako oholtza gainean. (Adarretatik)

Uztailean izan beharrean, aurten Zarauzko Adarretatik musika jaialdia irailaren 29tik urriaren 1era ospatuko dute. Kalitatezko zortzi emanaldi eskainiko dituzte dohainik.

Uztailaren erdialdean doinu eta erritmo beltzek girotzen dute Zarautz, Adarretatik musika jaialdiari esker. Aurten, ordea, udan izan beharrean, udazken hasieran ospatuko dela jakitera eman du ekitaldia antolatzen duen Enbor Akzio Kulturaleko arduradun Mikel Unzurrrunzaga Makalak. "Udalak azaldu zigun egokiagoa zela jaialdia dataz aldatzea, aurreratzea edo atzeratzea, uda sasoian gauza gehiegi zeudelako", kontatu du Makalak. Udako jaialdi bat izateko sortu zuten eta  aurtengoa seigarren edizioa izanda, "errotuta" dagoen hitzordu bat dela nabarmendu du. Hori horrela, irailaren 29tik urriaren 1era egingo dute, uda sasoitik ahalik eta gertuen.

Antolatzailearen esanetan, irailean jaialdi dezente daude Gipuzkoan; besteak beste, Errenteriako Atlantikaldia eta Irun Zuzenean, Adarretatik jaialdiaren asteburu berean izango dena. "Oraindik ospatu gabe, bere alde onak eta txarrak ikusten dizkiot data horietan egiteari. Hala eta guztiz ere, agian zuzenduago dago herritarrei, eta ez horrenbeste kanpotarrei, udatiarrei eta bisitariei", azaldu du. Halaber, udako egitaraua luzatzeko bide emango lukeela uste du, nahiz eta eguraldia aldagai ziurgabea den urteko data horietan: "Eguraldiaren faktorea oso inportantea da, baina ospatu dugun ia aldi guztietan beti egin digu euria egunen batean". Halako kasuetarako, plan alternatiboa badute, eta hori Modelo aretoa da.

Makala gustura agertu da Adarretatik musika jaialdiaren 6. ediziorako osatu duten egitarauarekin; hiru egunetan zortzi emanaldi eskainiko dituzte eta pare bat DJ saio Marmol eta Marina Txiki tabernetan. Hitz bat erabili du jaialdia bere osotasunean definitzeko: "Aniztasuna". Euskal Herriko nahiz nazioarteko musikariak, munduko musikak, jazzarekin lotura handia duten proposamenak, parekidea eta adin guztietako jendearentzat gozagarria dena... "Hori da Adarretatik-en berezko esentzia".

Jaialdiak Borghetton ekin zion zuzenekoak eskaintzeari, baina iaz Munoa plazan jarri zuen oholtza nagusia. "Uste dugu hori dela leku hoberena, Zarauzko erdigunetik gertu geratzen delako, eta  guztiontzat erosoagoa da", arrazoitu du antolatzaileak. Gune nagusi jakin bat izateaz gain, jaialdiak bestelako oholtza batzuen "mugikortasuna" izan du beti, dela Frontoi Txikin, dela hondartzako eremuan. Aurten, Musika Plaza hartuko dute, eta bertan hiru kontzertu egingo dituzte, nagusiki poteo garaian.

Aukera zabala

La Jodedera eta Zarauzko bizilagun Rafa Villfaña dominikarrak emango diote hasiera jaialdiari irailaren 29an. Villafaña musikari beteranoa da, eta aitzindari bat doinu tropikalak Euskal Herrian jorratzen Sonora Candela eta Sonora Caribe taldeekin. Orain, Oiartzungo La Jodedera taldearekin kolaboratzen du.

Aurtengo kartelburuak La Perra Blanco, Akatz Ska Band eta Antonio Lizana Trio izango dira. Andaluziako hiruko rockabilly-a da La Perra Blanco, eta oso zuzeneko gordina duela azaldu du Makalak: "Iaz jendeak biziki gozatu zuen Koko Jean & The Tonics taldearekin, eta aurten ere garaiko rocka egiten duen talde bat ekarri nahi izan dugu". Akatz Ska Band taldeak Adarretatik jaialdiaren lehen edizioan jo zuen, eta orain berriro errepikatuko du. 30 urte dituen Bilboko ska talde beteranoa da, eta indartsu jarraitzen du bidean.

Antonio Lizanarentzat ere ez da lehen aldia izango jaialdian: "Bigarren edizioan aritu zen, baina harrezkero izugarrizko jauzia eman du nazioartean". Arturo O’ Farrill, Alejandro Sanz edo Chano Dominguezekin batera kolaboratu du, eta Sony diskoetxearen babesean kaleratzen ditu bere lanak.  Makalak aditzera eman duenez, bera jarri zen jaialdiarekin harremanetan Zarautzen kontzertua jotzeko. "Guretzako sekulako luxua da Lizanarekin kontatzea".

Gainerakoan, proposamen oso freskoek osatuko dute egitaraua: Jone Laspiur aktorearen Nakar synth-punk proiektua; gipsy eta swing erritmoak lantzen dituen Arrasateko Erromintxelak taldea; eta Zestoako Argizulo eta Beñaranks & Eira donostiarrak dub eta reggae doinuekin. Bestalde, urriaren 1ean, eguerdian, lindy hop dantza egiteko  aukera izango da, Dj Mr. Patxi ‘Crazy Legs’-ek girotuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide