AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoa ikertzeko eguna antolatu dute Zarautzen uztailaren 30erako. Hori horrela, egitarau zabala prestatu dute Lege Zaharren ospatuko duten festarako. Ez dira faltako bazkaria, haurrentzako jolasak, mus txapelketa eta tonbola.
Azken horri lotuta, azken urteetako hutsunearen ondoren berriro antolatu dute aurten eta zozkatuko dituzten sariak dagoeneko ikusgai daude Nekane arrandegia zeneko erakusleihoan, Zigordia kalean. Bertan ageri diren sarien artean, sinatutako hainbat kirol taldetako elastikoak –arraunekoak, futbolekoak eta eskubaloikoak, besteak beste–, telebista, bizikleta, eta beste hainbat opari. Tonbolarako txartelak egunean bertan jarriko dituzte salgai.
Antolatzaileek zehaztu dute, halaber, mikrofonoa irekia jarriko dutela bazkalostean eta Dinbi Banda batukadaren emanaldia ere izango dela. Bazkariari lotuta, bost eurokoa izango da bazkariaren prezioa eta paella izango dutela menuan postrearekin eta edariarekin batera.
Mus Txapelketari erreparatuta, bestalde, 17:00etan egingo dute eta 32 bikotek hartu ahalko dute parte 20 euroko inskripzioa ordainduta. Sariak lau izango dira: bikote txapeldunak bi menu eskuratuko ditu Gure Txokoa jatetxean, azpi-txapeldunak asteburuko bi menu Kirkillan, hirugarren sailkatuak beste bi menu Euskalduna tabernan eta laugarrenak bi ogitarteko, sagardo botila eta kafea Txikipolit tabernan.