Astiko kantina zerbitzua berreskuratzeko lizitazio prozesua abiatu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 17a, 10:20

Astiko kantina berriaren eredua. (Zarauzko Udala)

Miloi bat eurotik gorakoa izango da oinarrizko aurrekontua obrak aurrera eramateko, eta material jasangarriak erabilita eraiki beharko dute. Proposamenak bidaltzeko epea abuztuaren 8an itxiko dute.

Astiko kantina berria eraikitzeko obren lizitazioa prozesua abiatu du Zarauzko Udalak. Lan guztiak aurrera eramateko –tabernaren eraikuntza, hornidura eta saneamendu sarearen doikuntza eta gunearen urbanizazio lanak– oinarrizko aurrekontua 1.063.645,04 eurokoa izango da (BEZ barne) eta enpresa interesdunek abuztuaren 8a arteko epea dute proposamenak bidaltzeko. Behin esleipena ebatzitakoan eta kontratua formalizatutakoan, enpresa onuradunak 23 asteko epea izango du lanak amaitzeko.

Udalak zehaztu du, halaber, material jasangarriak erabili beharko dituztela kantina berria eraikitzeko; izan ere, ingurunean errespetuz integratu dadin nahi dute. Horregatik, batez ere egurra izango da espazioak definitzeko erabiliko duten oinarrizko materiala. Xabier Txurruka alkatearen esanetan, asko izan dira kantina Astiko kantina berreskuratzeko zain "denbora luzez" egon diren zarauztarrak. Izan ere, 2015eko EH Bilduren Udal Gobernuak lizitazioaren oinarriak betetzen ez zituen kontratua esleitu zuen, eta ordutik, "zortzi urtez egon behar izan dugu itxaroten justizia-auzitegien oniritzia jasotzeko", zehaztu du alkateak.

Horrez gain, Astiko aisialdi gunea berreskuratzeko asmoa agertu du udalak "egunero, ehunka zarauztar gerturatzen direlako Astira kirola egitera, paseatzera edota denbora libreaz gozatzera". Horren harira, alkateak jakinarazi du laster martxan izango dela kirol gunearen sarreran kokatuta egongo den komun autogarbigarria. Funtzionatzeko beharrezkoa duen ponpaketa- ekipoa bideratzen dutenean, hain zuzen ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide