Iñigo Ormazabal zenaren omenezko erakusketa zabaldu dute Sanz Enean

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 16a

Azken 20 urteetako aldi abstraktua paratu dute kultur etxeko aretoan. Abuztuan margolariaren alderdi figuratiboari buruzko bigarren erakusketa bat zabalduko dute Torre Luzean.

Hilondoko omenaldi moduan, Zarauzko Udalak Iñigo Ormazabal margolaria zenari eskainitako erakusketa monografikoa ireki berri du Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. Uda osoan herrian erakusgai izango den proposamen azpimarragarriena izango da, honen osagarri izango den eta abuztuan zabalduko duten bigarren erakusketarekin batera.

Ostegun arratsaldean egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta bertan bildu ziren artistaren lagunak eta gertukoak; han ziren Ispilu Arte galeriako Leticia Eizagirre, Anjel Lertxundi idazlea eta Itxaropena inprimategiko Pello Unzurrunzaga, besteak beste. Xabier Txurruka alkateak, Ormazabalen alargun Margaret Bush aldamenean zuela, hartu zuen hitza, eta Donostian jaiotako artista izan bazen ere, "bihotzez eta izatez zarauztarra" zela nabarmendu zuen: "Margolaria izateaz gain, herriko bizitza kulturalaren parte aktiboa izan zen".

Pintura eskolak eman zituen, eta hainbat zarauztar haren bitartez murgildu ziren margolaritzaren munduan. "Horien artean, ni neu", aitortu zuen alkateak: "Oso gertukoa zen, eta saiatzen zen bere trebetasuna nahiz margolaritzarako zuen maitasuna gugan transmititzen".

Iñigo Ormazabal 2021eko urtarrilaren hondarrean hil zen, 69 urte zituela, eta udalak bere ibilbide oparoari errepasoa egiten dion erakusketarekin aitortza egin nahi dio.  Erakusketa honetan 2000tik 2020ra bitartean egindako 25 artelan abstraktu paratu dituzte, mihise zein paper gainean margotuak. Halaber, 2020an koadernoetan egindako marrazkiak harri dituzte ikusgai. Irailaren 24ra arte egongo da zabalik Sanz Eneako mostra, egunero-egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Bestalde, artistaren aldi figuratiboa ere garrantzi handikoa da, eta hori ere jendaurrean erakutsiko dute bigarren erakusketa batean. Torre Luzea aretoan egingo dute erakusketa osagarria abuztuaren 10etik irailaren 17ra, eta bertan bere marina zoragarriak jasoko dituzte, esaterako.

Zarauzko Udalak bi erakusketen katalogoa argitaratu du, eta Angel Lertxundi idazlea arduratu da testuak idazteaz. Liburuxka kultur etxeko erakusketa aretoan eskuratu daiteke dohainik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide