Txu-txu tren zerbitzua jarri dute Astiko disuasio aparkalekutik herrigunera

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 16a

Nafarroa kaleko biribilgune ondoan jarri duten txu-txu trenaren informazio informazio kartela. (Aritz Mutiozabal)

Doan aparkatu ahalko da Astin, eta lotura zerbitzua ibilgailu bakoitzeko 2 euro kostatuko da. Irailaren 10era arteko egongo da martxan, 10:00etatik 20:00etara.

Zarauzko Udalak disuasio izaera emango die uda sasoian Asti eremuko aparkalekuei. Gisa horretan, herrira etortzen direnei euren ibilgailuak aparkatzeko erraztasunak eman nahi dizkiete, erdiguneko kaleetan sartu eta aparkamendu bila ibili gabe. Astiko aparkalekua herrigunearekin lotzeko txu-txu tren zerbitzua ahalbidetuko dute gaurtik aurrera; garraiobideak aparkalekua eta Nafarroa kalea eta Lizardi kalea batzen dituen biribilguneko geltokia  (Hotel Zarautzen parekoa) batuko ditu, han zuzen ere.

Zerbitzuak irailaren 10era arte iraungo du martxan, eta joan-etorriko txartelaren prezioa 2 eurokoa izango da ibilgailu bakoitzeko, bidaiari kopurua edozein izanda ere. Txu-txu trenak 10:00etan egingo du lehen irteera Astitik, eta azkena 20:00etan; joan-etorri bakoitza ordu laurdenekoa izango da.

Lotura zerbitzu honek Asti inguruko aparkalekua sustatzen lagunduko duela nabarmendu Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak. Bere esanetan, "Zarautzera etortzen den edonork doako aparkaleku honetan aparkatu ahal izango du eta herriko edozein lekutara minutu gutxiren buruan iritsi ahal izango da, erdiguneko kaleetan zehar aparkalekua bilatzen egon beharrik gabe, honek sortzen dituen eragozpenak ekiditen".

Era berean, zehaztu du proiektu pilotu bat den arren, datozen urteetan jarraipena eman nahi diotela, "orain artean bisitari askok hartutako ohiturak aldatu behar ditugulako, eta horrek denbora behar du". Gainera, zerbitzua "etengabeko hobekuntza prozesu gisa" aztertuko dute urtez urte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide