Uda sasoian Zarauzko kaleetan zehar ibiltzen den jende kopuruak gora egiten duela eta, zenbait zerbitzu indartuko ditu Zarauzko Udalak. Hala, "herri segurtasuna bermatzeko", udaltzain berriak gehituko ditu zerbitzura.
Atzotik lau agente gehiago ari dira lanean, eta batik bat, Malekoiaren inguruan izango du eragina, udalaren arabera, "gune hori baita urteko garai honetan jende gehien jasotzen duena". Hala adierazi du Gervasio Gabirondo Herri Segurtasun zinegotziak: "Uda garaian Zarautzen izaten den jende kopurua kontuan izanik, beharrezkotzat jotzen dugu Udaltzaingoaren plantilla indartzea, herrian elkarbizitza bermatzen jarraitzeko baliabide nahiko izan ditzagun".
Bide batez, indarrean dauden zenbait neurri gogorarazi nahi izan dizkiete herritarrei: Moilatik motordun edota motorrik gabeko ibilgailuetan ibiltzearen debekua, batetik; eta Zarauzko hondartzako ordenanatzan zehazten den moduan, uda garaian ezin dela hondartzan txakurrik ibili, bestetik.