Martin Sorreluz: "Taldearen denboraldi onak eraman nau selekziora"

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 14a

Martin Sorreluz errugbi jokalaria (utzitakoa)

U20 Trophy Munduko Txapelketa jokatuko du bihartik aurrera Martin Sorreluzek (Zarautz, 2003) Espainiarekin Nairobin, Kenyan. Estreinakoz arituko da nazioarteko txapelketa ofizial batean.

Espero al zenuen 20 urtez azpiko Trophy Munduko Errugbi Txapelketa jokatzeko Espainiako selekzioaren deia?

Txapelketa prestatzeko Eskoziaren aurka jokatu genuen partidako deialdian 32 jokalari ginen, eta guztiok nahi genuen 28 jokalariko azken zerrendan sartzea. Espero, ez dakit zenbateraino espero nuen, baina banekien hor egoteko aukerak izan nitzakeela. Dena den, urduri ere bageunden, inork ez zekielako zer erabaki hartuko zuen hautatzaileak. Azkenean, jokalari pila baten artean aukeratu behar izaten du, eta bere joko estrategiaren eta jokalarien ezaugarrien arabera hartuko du erabakia, estrategia horretara ondoen egokituko diren jokalariak aukeratzeko.

Akaso, apirilean jaso zenuen lehenengo deia izan zen ezusteko handiagoa?

Bai. Ordura arte Espainiako selekzioarekin sekula aritu gabea nintzen, eta gustura hartu nuen aukera. Selekzioaren deia jasotzen duzunetik taldearen parte zara, eta, horregatik, banekien aukera gehiago izango nituela azken deialdian egoteko. 

Jokatuko duzun nazioarteko lehenengo txapelketa ofiziala izango da Kenyakoa. Ilusio berezia egingo dizu, ezta?

Nire lehenengo txapelketa ofiziala izango da selekzioarekin, bai. Izan ere, orain arte jokatu ditudan partida guztiak lagunartekoak izan dira, nahiz eta aurkariak nazioartekoak izan. Sentsazioa orotarikoa da, egia esan: zirrara, ilusioa, urduritasuna... Ea zer moduz joaten den txapelketa.

Behin 28ko zerrendan sartuta, hasierako hamabostekoan izan nahiko duzu, ezta?

Horretarako egingo dut lan, baina gero ikusi egin beharko da zer erabaki hartzen duen entrenatzaileak, haren esku baitago. Dena den, nire nahia ahalik eta minutu gehien izatea da, noski; gainerako taldekide guztiena bezalaxe.

Aurten Zarautzen partida guztietan izan zara hasierako hamabostekoan. Hain justu, denboraldi osoan egin duzun lanaren emaitza da selekzioaren deia. Nola baloratzen duzu?

Esango nuke, nik egindako denboraldiaren emaitza ez ezik, taldeak orokorrean egindakoaren emaitza dela ni selekziora iristea. Izan ere, taldeak halako denboraldi bikaina egin izan ez balu, ez zioketeen erreparatuko. 

Horrez gain, taldeari eta entrenatzaileari eskertu behar diet nigan erakutsi duten konfiantza. Egia da taldearen hamabostekoa nahiko finkatuta dagoela, nahiz eta aldaketa batzuk ere izaten diren, eta balio handia ematen diot gehien jokatu duten jokalari horietako bat ni izateari. Gainera, bigarren denboraldia izan dut lehen taldean.

Hitz egin al duzu nazioartean esperientzia duten taldekideekin gomendioak eskatzeko?

Ez naiz nazioarteko txapelketa bat jokatuko duen taldeko jokalari bakarra, eta ez dut uste azkena izango naizenik ere. Espainiarekin Europako Txapelketa jokatu duenik bada, esaterako, eta Fran Puertas entrenatzaileak ere esperientzia handia du nazioartean. Haiekin hitz egin dut, eta betikoa esan didate: jokatzen dakidan bezala jokatzeko. 

Txapelketa Afrikan izango da, Nairobin. Sekula izan al zara kontinente horretan?

Ez. Han izango naizen lehen aldia da, eta espero dut ingurua ezagutzeko aukera ere izatea. Dena den, ez dut uste denbora libre gehiegi izango dugunik, plangintza osoa zehaztuta izango dutelako eta txapelketan kontzentratuta egongo garelako.

Txapelketa irabazten duenak U20 Championship txapelketa jokatuko du datorren urtean. Munduko hamabi selekzio onenak biltzen ditu txapelketa horrek. Hori da helburua, ezta? Hasiera batean, zuek eta Eskozia zarete hautagai nagusiak.

Garaipenaren bila goaz, bai; argi eta garbi, gainera. Joan den ekainean Zamoran [Espainia] jokatu genuen Eskoziaren aurkako lagunartekoan 20-43 galdu genuen, baina badakigu irabazteko gai garela. Horretarako prestatu gara eta horretarako egingo dugu lana bihartik aurrera. 

Egia da U20 Championship txapelketarako txartela lortuta ere askok ezingo dugula jokatu hurrengo urtean, 20 urtetik gora izango ditugulako. Hala ere, taldean badira 2004an jaiotako jokalariak. Haiei eta datorren urtean selekzioa osatuko duten guztiei utzi nahi diegu saria.

Eskoziaren aurkako balizko final horren aurretik, hala ere, zuen multzoko aurkari guztiak garaitu beharko dituzue. Zein izango da gogorrena?

Zaila da selekzio bakoitzaren analisia eta jarraipena egitea, urte batetik bestera goitik behera aldatzen direlako. Aurrez esandakoaren bidetik, jokalariok adinean gora egiten dugu, eta 20 urtez azpiko taldeak izanik, ezinbestean berritzen dituzte. Gure multzoan, Hong Kong-Txinaren, etxean jokatuko duen Kenyaren eta Samoaren kontra arituko gara. Teorian Samoak beharko luke izan aurkari gogorrena, baina ez diegu beldurrik. 
Hala ere, gertatzen dena gertatzen dela, lau partida jokatuko ditugu, bai ala bai. Izan ere, zortzi taldek jokatuko dugu txapelketa, bi multzotan banatuta, eta bakoitzeko sailkapenak zehaztuko du noren aurka arituko garen gero. Izan ere, guztiok pasatuko gara bigarren eta azken fasera. Hau da, multzo bateko lehenengoa besteko lehenengoaren aurka arituko da, bigarrena bigarrenaren aurka, hirugarrena hirugarrenaren aurka eta laugarrena laugarrenaren aurka.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide