Nazioarteko saskibaloi partida hartuko du Zarautzek datorren astelehenean. Euskadiko eta Eslovakiako 19 urtez azpiko selekzioak arituko dira 19:30etik aurrera nor baino nor Lizardi kirol aretoan. Ia 400 lagunentzako edukiera du aretoak eta doakoak izango dira sarrerak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, hasiera batean, ez zegoen aurreikusita partida Zarautzen jokatzea, baina aukera sortu da eta ez dute galdu nahi izan. Zentzu horretan, Inaxio Ilarramendi Kirol zinegotziak nabarmendu du "udalak kirolarekin duen konpromisoaren isla garbia" dela partida antolatzea. Esteban Collantes Zarauzko Kirol Elkarteko presidenteak, bere aldetik, adierazi du ikusle ugari espero dituela "saskibaloiak gero eta jarraitzaile gehiago dituelako herrian". Horri gaineratu dio, "ikuskizuna bermatuta" egongo dela "maila handiko bi selekzio izango direlako aurrez aurre".
Azken horren harira, Yon Gonzalez Euskal selekzioko entrenatzaileak azaldu du Europako txapelketa prestatzen ari dela Eslovakiako selekzioa eta Euskal Herrian egonaldia egiten ari dela horretarako. Hori aprobetxatuta, bi partida antolatu dituzte, bata igandean Beasainen, eta hurrengo egunean Zarautzen. Hori horrela, gustura agertu da entrenatzailea "ez delako erraza izaten gazteei nazioarteko partidak jokatzeko aukerak eskaintzea". Dena den, Gonzalezek esan du urtero egiten dutela atzerriko selekzioen aurka jokatzeko ahalegina egiten, eta Beñat Etxeberria jokalariak eskertu egin du hori: "Kadete mailara arte Espainiako Autonomia Erkidegoen arteko txapelketak jokatzen ditugu, baina hortik aurrera aukera hori desagertu egiten da. Horregatik, nazioarteko partida hauek jokatu ahal izatea pribilegioa da".
Aurrean izango duten aurkariaren analisia ere egin du Gonzalezek: "Iaz bi partida jokatu genituen Portugalen aurka eta biak irabazi genituen. Oraingoan zaila ikusten dut biak irabaztea. Kilo gutxiago dituzte eslovakiarrek baina, altuagoak dira eta oso gogorrak. Kovacic kapitaina da gogorrenetakoa. Oraindik oso gazteak direnez, ez dira oso jokalari ezagunak nazioartean, baina badituzte bizpahiru etorkizunean telebistan ikusiko ditugunak eta Estatu Batuetako Unibertsitateko ligara jauzia ematear daudenak".
Euskal selekzioaz, berriz, honakoa esan du: "Horrelako partidak aukera ona dira erakusteko gure jokalariak ez direla kanpokoak baino gutxiago eta gai direla izarrak izango diren horiei aurre egiteko. Behar dutena aukerak ematea da. Aurten ere selekzio borrokalaria dugu, eta joko aldetik kanpotik gehiago jokatzeko barrutik baino talentu handiko baseak eta eskoltak ditugulako".