Joaquin Sorollaren (Valentzia, 1863-Cercedilla, 1923) Olanaren azpian, Zarauzko hondartza (1910) margolana Arte Ederren Bilboko Museoan dago ikusgai joan den astelehenetik. Obra Gonbidatua programaren barruan ekarri dute artelana Madrilgo Sorolla Museotik margolariaren mendeurrena dela eta, eta urriaren 15era arte izango da ikusgai 19. aretoan.
Sorollak Euskal Herrian egin zuen lehenengo egonaldietako batean margotu zuen aipatu koadroa eta funtsezko obra da egonaldi horiek ulertzeko, hain justu. Margolanean, artistaren familia ageri da (Clotilde emaztea eta María, Elena eta Joaquín seme-alabak), dotore-dotore jantzita Zarauzko hondartzako olana bereizgarrietako baten itzalpean. Edonola ere, Olanaren azpian, Zarauzko hondartza ez da Sorollak Zarauzko hondartza mihisean jasotzeko margotu zuen koadro bakarra.
