Belauntzaran plaza eta malekoia Zarauzko emakume sortzaileen bilgune izango dira larunbatean; izan ere, Emakumeen Etxeak antolatuta, azoka egingo dute lehenengo aldiz. Herriko 25 emakumek parte hartuko dute bertan, 10:30etik 14:30era, beren lanak jendaurrean erakusteko. Lan horiek orotarikoak izango dira, gainera: margolanak, bitxiak, ilustrazioak, scrapbooking-ak, oihal bereziak, collageak eta beste asko.
Antolatzaileen esanetan, herriko sortzaileen lanari balioa ematea ez ezik, beren artean sareak sortzea ere bada egitasmoaren helburua, eta azoka egin aurretik, jada hasi dute horretarako bidea. Zentzu horretan, Nerea Diaz Mimos marka sortu duen jostunak azaldu du berak margolari edo ilustratzaileren batekin hasi nahi lukeela elkarlanerako harremana: "Oihalak diseinatzen ditut nik, baina josten hasi aurretik, beharrezkoa da buruan ditudan ideiak paperera eramatea, eta ez dut horretarako behar besteko gaitasunik. Horregatik, ilustratzaileak kontratatu behar izaten ditut lehenago eta haiei nahi dudanaren jarraibideak eman. Azokaren aurkezpen ekitaldian marrazten trebeak diren hainbat emakume ezagutu ditut, eta uste dut sor ditzakegula lanerako harremanak".
Diaz "oso harrituta" agertu da, halaber, ez zekielako hainbeste sortzaile zegoenik herrian. Dena den, gutxi dira sorkuntza ogibide dutenak. Mila Zubizarretak, esaterako, arropa denda du, baina duela bost urtetik margotu ere egiten du. 57 urte zituela ekin zion, eta "autodidakta" dela dio. Zubizarretak "sentimendutik" sortzen ditu bere lanak, eta saldu ere egiten ditu gero. Hala egingo du azokan ere.
Aukerarekin eskertuta
Zubizarretak bezala, Sandra Vazquezek ere margotu egiten du. Duela hiru urte hasi zen, eta pintura akrilikoekin aritzen da. "Gero eta gusturago" jarduten duela dio, eta "deskonektatzeko" modua aurkitu duela pinturan. Halaber, aitortu du iratzargailua jarri behar izaten duela margotzen ari denean, "ohartu gabe" pasatzen zaiolako denbora. Azokan bere lanak erakusteko asmoa du, hasiera batean, baina ez du baztertzen koadroren bat saltzea baten bati interesatzen bazaio. Dena den, baditu pare bat saldu "ezin" dituenak.
Hori horrela, "ilusio handiz" begiratzen dio Vazquezek asteburuari, eta "erabat eskertuta" dagoela dio, "Emakumeen Etxeak herriko hainbat emakumek egiten duten lanari ikusgarritasuna emateko aukera eskaini dielako". Horrekin batera, margolariak azaldu du pintura ikastaroak egiten dituen Artezaleak elkartean eman ziotela egitasmoaren berri, eta beste hainbat ikaskiderekin batera animatu zela parte hartzera.
Susana Esparzak ere margotu egiten du, eta bi bidetatik jaso zuen jakinarazpena. Lehenengo aldiz iritsi zitzaionean, beste batzuei zabaldu zien albistea, baina ez zuen izenik eman. Inskripzioa ixteko egun gutxiren faltan jaso zuen abisua bigarrenez, eta orduan bai, urratsa egitera ausartu zen.
Zaletasuna baino gehiago
Esparzak dioenez, "terapia" da berarentzat margotzea, eta "berreraikitzeko" balio izan dio jardun horrek: "2015ean etorri nintzen Mexikotik Euskal Herrira, eta asko kostatu zait Zarautzera egokitzea. EHUn ikerlari izateko etorri nintzen, eta hala aritu nintzen hasieran. Ama izatea eta hemen geratzea erabaki nuen, gerora, eta haurraren zaintzan buru-belarri aritu naiz. Hori dela eta, urteetan ez diot denborarik eskaini nire buruari. Iaz hasi nintzen margotzen, eta sekulako aurkikuntza izan da niretzat, margotzen dakidala konturatu naizelako".
Hori horrela, azken urtean egindako hainbat margolan eramango ditu Esparzak asteburuko azokara, nahiz eta ez dituen salduko. "Ez nago autonomo gisa alta emanda, eta ez ditut nahi lanak beltzean saldu. Gainera, ez dakit zenbateko prezioa ezarri beharko niekeen". Edonola ere, Esparzak dio hasi nahiko lukeela bidea artean pixkanaka. Haurrentzako ipuinak ilustratzeak erakartzen du, eta horri lotutako ikastaroak egiten ari da; izan ere, baztertu egin du zientziaren arlora itzultzea.
Eskaintza zabala
Larunbateko azokara bertaratzen diren herritarrek denetarik aurkituko dute, baita masajeak ere. Patricia Etxebarriak horixe lantzen du, hain justu. Dena den, dioenez, "masaje soila baino gehiago da" berak eskaintzen duena. Zehazki, Teknika Neuropatiko Desblokeatzaile Birsortzailea izeneko masaje teknika berritzailea lantzen du hark, eta azaldu duenez, alde fisikoaren eta psikikoaren arteko oreka lortzean datza. Horretarako, gorputz energetikoaren gainean egiten du lan Etxebarriak.
Hala, ohatila batekin joango da azokara, nahiz eta, masajerik ez duen emango han: "Nire postura hurbiltzen direnei zer egiten dudan azaltzea da asmoa, eta mugimenduren bat edo beste egitea masajea nolakoa den irudikatzeko". Horren harira, Etxebarriak argitu du iazko uztailetik masajeak emateko kontsulta duela.
Horrez gain, Kundalini yoga saioa ere eskainiko dute Emakumeen Etxean, 10:30ean hasita, azokari hasiera emateko. Meditazioaren bitartez, parte hartzaileak lasaitzea eta erlaxatzea da saioaren helburua, eta Amaia Lainez Visanzayk gidatuko du. Hori bai, interesdunek aurrez eman beharko dute izena, plazak mugatuak direlako; hamabost leku inguru gordeko dituzte. 943-00 51 36 telefonora deituta edo Emakumeen Etxeko helbide elektronikora (emakumeen-etxea@zarautz.eus) mezua bidalita eman daiteke izena.