Frontoira, beldurrak alboratuta

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 12a

Zumaiako pala txapelketako finala amaitu berritan, lau finalistak: Karmele Marinez de Cabredo, Jone Azkoaga, Saioa Iraola eta Maialen Manterola. (Utzitakoa)

Emakumezkoen pala lehiak ugarituz eta egokituz ari dira partaide mota gero eta pluralagora. Hala nabari dute txapelketa horietako partaideek eta antolatzaileek: Karmele Martinez de Cabredo pilotariak eta Maite Redondo antolatzaileak beren iritzia eman dute erreportaje honetan.

"Uda garaian egiten da Frontoi Txikiko Emakumeen Pala Txapelketa, formatu txikian, motza, eta kalean dagoen frontoi ireki batean, herritarrek ikus dezaten emakumeek ere badakitela paletan jokatzen". Kirol munduan eskarmentu handiko pertsona da Maite Redondo, bai kirolari gisa, bai antolatzaile gisa. Hura da Zarauzko Frontoi Txikiko Emakumezkoen Pala Txapelketaren antolatzaileetako bat ere. Hamabosgarren aldia du aurten txapelketa horrek, eta kirol munduko aritu askok bezala, Redondok ere nabaritu du azkenaldian gero eta emakume gehiago ari direla gerturatzen kirol horretara. "Hain justu, horixe izan da beti Zarauzko txapelketaren helburua". Aitortu du orain arte Zarauzko bikoteak animatzea kostatu egin zaiela, "baina iaz booma" izan zela nabarmendu du. 

Karmele Martinez de Cabredo (Zarautz, 1995) da herriko pilotari horietako bat. Faboritoetako bat ere bada, gainera –iaz finala bi tantogatik galdu zuten berak eta Jone Azkoagak–. Aurten ezingo du Azkoagarekin jokatu, hura min hartuta dagoelako, eta Haizea Goikoetxea izango du bikote. "Txapelketa honetan aritzen naizen hirugarren aldia da. Aurrenekoan, gogoan dut Saioa Iraola zarauztarraren eta Maialen Manterola aiarraren aurka jokatu genuela. Gu hasiberriak ginen, eta beraiek sekulako maila zuten; kristoren egurra jaso genuen", oroitu du. Aurten ere Zumaian bikote horren kontra aritu da zarauztarra, eta berriz ere galdu egin du finala. "Ea orain behingoz txapela irabazten dugun", aldarrikatu du, umoretsu. Bihar jokatuko du hark final laurdenetako partida. 

Urdinez, Saioa Iraola eta Karmele Martinez de Cabredo zarauztarrak. (Utzitakoa)

Emaitzak emaitza, pilotaria gustura da afizioak eman dionarekin: "Ederra da, kristoren lagun taldea egin dugulako. Duela hiru urte, frontoian ikusi ginenean, ez genuen elkar ezagutzen, eta orain elkarrekin joaten gara txapelketaz txapelketa; sekulako kuadrillatxoa osatu dugu", esan du Iraolaz, Manterolaz eta beste hainbatez. 

Pilotariak azaldu du gazteagotan Zarauzko futbol taldean ibili izan zela hainbat urtez, eta gero, baita plaieroetan ere. Pandemia aurretik jakin zuten Zarautzen neska batzuek frontenisean raketekin jokatzeko talde bat osatu zutela. "10-12 pertsona elkartzen ginen, denak maila desberdinetakoak", oroitu du. Pandemia ondoren, palekin probatzen hasi ziren. "Talde hura murriztu egin zen, eta lau-sei pertsona hasi ginen jokatzen. Ordutik, asteazkenero partida jokatzen dugu Frontoi Txikian". Poliki-poliki, txapelketetara apuntatzen ere hasi ziren. "Uda aldera txapelketak izaten dira han-hemenka; Gipuzkoan herri mordotan hasi dira antolatzen", azaldu du.


Mailak desberdinduz


Martinez de Cabredok "kristoren aldaketa" antzeman du iaztik hona, "batetik, askoz jende gehiago hasi delako apuntatzen, eta bestetik, maila desberdinetako txapelketak hasi direlako antolatzen". Horrek emakumeak parte hartzera animatu dituela uste du: "Iaz, esaterako, txapelketa berean maila oso desberdinetako jendea apuntatzen zen, eta aurten bi maila bereizi dituzte txapelketa beraren barruan. Horrela, jende gehiago animatzen dela uste dut, hasiberriek ez dutelako onenen aurka jokatu beharrik". Zumaiako txapelketan –ekainean izan zen Emakumeen Etxearen lehiaketa– hala egin dute. 
Atzo hasi zen Zarauzko txapelketa; Martinez de Cabredok uste du hor ere "mugak jartzen" hasiak direla, eta ez dietela utzi federatutakoei parte hartzen. "Esaterako, Aian badira pilota trinkoarekin ibiltzen direnak, federatuta daudenak, eta horiek ez dute jokatuko", esan du. 

Bestalde, zarauztarrak uste du antolatzaileen partetik malgutasun handia dagoela. "Zarautzen, Urteta auzoan, gizonezkoen txapelketa jokatu zuten, eta norbaitek proposatu zuen emakumeena ere egitea; orduan, antolatzaileek, bi gizonezkok, segituan antolatu zuten guretzako. Pentsa, ama batzuk ere animatu ziren", kontatu du gazteak. 


Hurrengo pausoak


Pixkanaka aurrera egiteko beharra sentitzen du Zarauzko pilotariak. Esaterako, "hurrengo pausoa" teniseko pilotak alde batera utzi eta pilota trinkoarekin jokatzen hastea litzateke. Pauso hori emateak, ordea, hainbat aldaketa eskatzen ditu: "Pilota trinkoarekin hasteak beste maila bat eskatzen du: federatu egin behar duzu. Segituan nabaritzen da, gurekin jokatzen dutenen artean, nor dagoen federatuta eta nor ez, beste maila bat dutelako", adierazi du.

Martinez de Cabredok onartu du batzuk ari direla bera animatu nahian pilota trinkoarekin has dadin, baina oraingoz ez dio helduko erronkari: "Egia da sekulako denbora pila eskaintzen diogula palari, baina federatuta egoteak beste konpromiso bat eskatzen du, eta oraingoz, hau afizioa da guretzat". Paletan "oso gustura" dabilela azpimarratu du, eta kuadrillako gero eta gehiago animatzen ari direla ere bai. Horren harira, Redondok azpimarratu du astero Zarauzko Zinema frontoian hogeiren bat emakumeko taldea aritzen dela pilotan entrenatzen. "Aurreneko pausoa hori da, entrenatzea, eta gero, jarraitu nahi badute, egongo dira txapelketak". Hark nabaritzen duena da pilotan aritu nahi duten "emakume mordoa" daudela une honetan. 
Denborak esango du booma une zehatz bateko istorioa izan den, ala historia baten hasiera. 

Zortzi bikote Frontoi Txikiko Pala Txapelketan

Frontoi Txikiko Emakumeen XV. Pala Txapelketan izena eman duten zortzi bikoteek atzo hasi zuten lehiaketa. Zuzenean kanporaketekin hasi ziren; final laurdenekin, alegia.

Final laurdenetako hurrengo bi partidak bihar arratsaldean jokatuko dituzte, eta finalerdiak, finala eta hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka, berriz, datorren astean: asteartean finalerdiak izango dira, eta ostegunean, azken partidak, 19:45ean hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide