Occhi di Farfalla taldeak jo zuen atzo Zelatunen, II. Errokcmeria jaialdian, Beertoki elkarteak antolatuta. 12:00etan hasi zen rock jaialdia, eta 18:00ak alderako bukatu zuten. Aurtengoan, Esanezin, Habi, Occhi di Farfalla eta Mihise taldeek jo zuten zuzenean, eta giro ederra sortu zen Hernioren magalean.
Beertoki elkarteak zera lortu nahi du Errockmeria jaialdiarekin: Euskal Herriko musika taldeek "Zelatungo paraje zoragarrian" beren lanak aurkeztea."Zelatunek beste era batera gozatzeko aukera eskaintzen du, mendizaletasuna eta kultura uztartuz, alegia. Herniopeko nahiz inguruko herriei bultzada eman nahi diegu, publiko desberdina mendira erakarriz, eta ingurua ezagutzen duenari, berriz, toki kutun horretan esperientzia berri bat bizitzeko aukera emanez".
Beertoki elkartea artisau garagardoak eta musikak elkartzen dituen gazte talde batek osatzen dute, eta dagoeneko hainbat ekintza antolatu dituzte: "Azken hamar urteetan hainbat ekitaldi antolatu ditugu, tartean, 150 kontzertu inguru eragile desberdinekin. Askotariko formatuetan egin ditugu, eta hainbat tokitan, hala nola tabernetan, kultur aretoetan, plazetan edota frontoietan".
(Argazkiak: Unai Sorarrain)