Martin Sorreluzek U20 Trophy Munduko Errugbi Txapelketa jokatuko du

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 6a

Martin Soreluz Espainiako 20 urtez azpiko errugbi selekzioarekin Eskoziaren aurkako partidan. (Ferugby)

Espainiako selekzioak emandako 28 jokalarien zerrendan sartu dute zarauztarra eta datorren asteartean bidaiatuko du Kenyara. Eskoziarekin batera txapeldun izateko hautagai nagusiak dira.

Nazioarteko txapelketa garrantzitsua jokatuko du Martin Sorreluzek uda honetan; izan ere, uztailaren 15etik, igandea, 30era, igandea, Nairobik (Kenya) hartuko duen 20 urtez azpiko U20 Trophy Munduko Txapelketan izango da zarauztarra. Espainiako selekzioak atzo eman zuen deialdia eta hautatutako 28 jokalarien artean dago Sorreluz.

Gainera, txapelketa irabazteko aukerak izango ditu Espainiak, Eskoziarekin batera garaile izateko hautagai nagusiak baitira. Horretarako, joan den ekainaren 24an Eskoziaren aurka jokatutako prestaketa partida baliagarri izango zaie egindako akatsetatik ikasteko; izan ere, 20-43 galdu zuten.

Nolanahi ere, aurrez gainerako aurkariak gainditu beharko dituzte: Hong Kong-China, lehenengo, Kenya anfitrioia, ondoren, eta Samoa, azkenik. Horiek izango dira Sorreluzek ordezkatuko duen Espainiako selekzioak bere multzoan izango dituen aurkariak. Lau taldeen artean onenak jokatuko du finala eta txapeldunak hurrengo urteko U20 Championship txapelketa jokatzeko txartela lortuko du. 20 urtez azpiko munduko 12 selekzio onenek osatzen dute aipatu txapelketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide