Herriko 25 emakume sortzailek beren lanak aurkeztuko dituzte herritarren aurrean datorren uztailaren 15ean. Belauntzaran plazan egingo dute eta, hain justu, bertan kokatuta dagoen Emakumeen* Etxeak ahalbidetu die horretarako aukera; izan ere, Zarauzko Emakume Sortzaileen I. Azoka antolatu dute. Nolanahi ere, plaza txiki geratuko denez, malekoiaren zati bat ere hartuko dute.
Gainera, zabala izango da azokara eramango duten eskaintza, askotariko artistak baititu Zarautzek: margolariak, ilustratzaileak, bitxi egileak, jostunak... Guztien lanari "balioa eta ikusgarritasuna ematea" da helburua, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren hitzetan. Horren harira, zinegotziak gaineratu du oraindik "beharrezkoak" direla emakumeei soilik zuzendutako plazak sortzea, "ez zaielako berdin begiratzen gizonezkoek eta emakumezkoek egiten dituzten lanei. Bigarren mailan geratzen dira emakumeen artelanak eta hori aldatzeko horrelako ekimenak antolatzen jarraitu beharra dago".
Era berean, ekimenak herriko emakume sortzaileek euren arteko harremanak eraikitzeko eta saretzeko balio dezan nahi dute antolatzaileek. Hori dela eta, Andrea Diez Emakumeen* Etxeko dinamizatzaileak azaldu du bikaina izan dela jaso duten erantzuna: "Asko eskertu dute ekimena guztiek, baita azkenean parte hartuko ez dutenek ere".
Azoka egunari lotuta, zehaztu dute, bestalde, eremua apaingarriekin atonduko dutela eta musika ere izango dela eremua girotzeko. 10:30ean zabalduko dute azoka Amaia Lainez Visanzayk gidatuko duen meditazio tailerrarekin eta 14:30ean itxiko dute. Tailerrari lotuta, ohartarazi dute mugatuak izango direla plazak eta aldez aurretik izena emateko gomendatu dute. 943-00 51 36 telefonora deituta edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera mezua bidalita egin dezakete interesdunek.