Haurrek eta hauen gurasoek udan ere izango da arte eszenikoez aukera; izan ere, Antzerkia Familian Udan programari jarraipena emateko egitaraua prestatu du udalak datozen asteetarako. Doako zazpi saio eskainiko dituzte kalean, eta, hala, espero dute Modelo aretoan baino publiko zabalagoa izatea. Edonola ere, gustura azaldu da udala ekainera bitartean eskainitako ikuskizunek izandako erantzunarekin mila lagun inguru bildu dituztelako.
Zehaztu dutenez, bertako konpainiak izango dira nagusi Antzerkia Familian Udan programaren barruan eta orotariko ikuskizunak eskainiko dituzte: zirkua, magia, dantza edota antzerkia. Programari hasiera emateko, berriz, entzierroa antolatu dute zezen puzgarriekin. Bihar bertan egingo dute Lege Zaharren enparantzatik 17:30ean abiatuta. Gainerako saioak Villa Manuela frontoian egingo dituzte, ostegunetan, era berean, baina 19:00etan.
Hauxe da egitaraua osorik:
- Uztailak 6: Entzierroa.
- Uztailak 13: EQM Teatre konpainiaren Antipasti.
- Uztailak 20: Zirko Txosko konpainiaren Indartxuak.
- Uztailak 27: Potx eta Lotx taldearen Aireportuan.
- Abuztuak 3: Eleder magoa.
- Abuztuak 24: Ameztu produkzioak konpainiaren Organik.
- Abuztuak 31: Kantu kolore konpainiaren Txiki Festa.