Euskara ikastaroak egin dituzten herritarrek bihar arte dute dirulaguntzak eskatzeko aukera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 4a

Euskaltegiko ikasleak eskola jasotzen. (Aritz Mutiozabal)

Azken ikasturtean euskalduntze edo alfabetatze eskolak jaso dituzten bizilagunak sarituko ditu udalak, baldin eta %80ko gutxieneko asistentzia izan badute.

2022-2023 ikasturtean euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten Zarauzko bizilagunek udalaren dirulaguntzak eskatzeko azken eguna dute biharkoa. Horretarako, udaletxeko HAZ Herritarren Arreta Zerbitzura jo dezakete edota udalaren egoitza elektronikoaren bitartez. Aurrez aurreko arretarako 07:30etik 15:00etara bitartekoa da HAZ bulegoetako gaurko eta biharko ordutegia.

Edonola ere, baldintza batzuk ere bete beharko dituzte dirulaguntza eskatu nahi duten herritarrek: batetik, Zarautzen erroldatuta egotea ikastaroa gauzatu duten epean, eta bestetik, eskolen %80 jaso izana, gutxienez. Udalak jakinarazi du, halaber, ikastaroak udako hilabeteetan, uztailetik irailera bitartean, egingo dituzten herritarrek ere izango dutela dirulaguntzak eskatzeko aukera. Irailaren 22ik urriaren 5era arteko epea izango dute horretarako.

Udalak azaldu duenez, herriko elebidun kopuruak gora egitea da dirulaguntza hauen xede nagusia: "Herritarren %74 elebiduna da Zarautzen eta Udalarentzat oso garrantzitsua da kopuru horri eustea, eta ahal bada gehitzea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide