Goi mailako igerilariak elkartuko ditu Getaria-Zarautz zeharkaldiak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 4a

Mariano Lonbide Katxibatxi elkarteko lehendakari ohia, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Pablo Cazalis zeharkaldiko antolatzailea. (Jabi Gonzalez Toston)

Hiru proba antolatu dituzte uztailaren 22 eta 23ko astebururako. Betiko ibilbideaz gain, Ur Irekietako Espainiako Zirkuituan sartu duten distantzia luzeko proba jokatuko dute.

Udako kirol ekitaldi jendetsuenetakoa izaten da uztailean egin ohi duten Getaria eta Zarautz arteko itsas zeharkaldia, eta behin aipatu hilabetean sartuta, hasi da atzera kontaketa. 51. edizioa izango da aurtengoa, eta hiru igeriketa proba antolatu dituzte, beste behin: Getaria eta Zarautz artekoaz gain, bost mila metroko distantzia luzekoa egingo dute, eta haurren 400 eta 800 metroko probak ere bai. Hilaren 22an eta 23an jokatuko dituzte, eta horietan parte hartu nahi dutenek hilaren 9a –igandea– arteko epea dute izena emateko oraindik egin ez badute. Interesdunek travesiagetariazarautz.com atarian egin dezakete inskripzioa.

Parte hartzaile kopuruaren harira, antolatzaileek adierazi dute lau milatik gora aurreikusten dituztela orotara. Gehienek Getaria eta Zarautz arteko zeharkaldia egingo dute, eta horren erakusle da hirugarren urtez hiru mila inskripzioen langa gainditzear direla izen ematea ixteko sei egunen faltan.

Gainera, inoiz baino emakume gehiago espero dituzte aurten; izan ere, orain arte egin dituzten inskripzioak aintzat hartuta, lehen aldiz lortu dute %28ko muga gainditzea. Pablo Cazalis Zarautz Balea igeriketa taldeko kide eta probako arduradun nagusiak zehaztu duenez, izena eman duten igerilarietatik %32 dira emakumeak.

Cazalisek goraipatu du, halaber, munduko txoko guztietatik bertaratuko direla igerilariak: «Parte hartuko duten igerilarien %40 gipuzkoarrak dira eta %3 atzerritik etorritakoak, baina deigarriena da Argentinatik, Australiatik, Erresuma Batutik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Marokotik edota Uzbekistandik etorriko direla. Ez genuen inondik inora espero gure proba hain urrutira iritsiko zenik».

Espainiako zirkuituan

Larunbatean hasiko dute festa, distantzia luzeko zeharkaldiarekin. Zarauzko portutik abiatuta, Mollarrirainoko joan-etorria egin beharko dute igerilariek, eta bada berritasunik horri lotuta ere. Cazalisek jakinarazi duenez, Ur Irekietako Espainiako Zirkuituko proba izango da, eta maila gorenekoa, gainera; izan ere, Tour 1000 izaera eman dio Espainiako Igeriketa Federazioak.

Hori horrela, Espainiako Estatuko igerilari onenak joango dira Zarautzera; tartean, bost egun lehenago Munduko Txapelketa jokatuko duten Carlos Garach, Maria de Valdes eta Angela Martinez. Hiru igerilariek, proba luzean ez ezik, igandeko Getaria-Zarautz zeharkaldian parte hartzea ere espero dute antolatzaileek. Haiekin batera, Pol Gil eta Candela Sanchez iazko irabazleek ere parte hartuko dute, baita probako markaren jabea den Iñaki Salaberriak ere. Horiez gain, Amaia Iriarteren izena ere kontuan hartzekoa izango da garaipenerako lehian.

Kirol probaren jarraipena ere handia izatea aurreikusten dute antolatzaileek. 30.000 ikusle baino gehiago espero dituzte Zarautzen lasterketak bertatik bertara jarraitzeko, eta beste 10.000 erabiltzaile streaming bidezko emankizunerako.

Bada, kanpotik etorriko diren igerilarientzat nahiz haien lagunentzat, autobus zerbitzua ere eskainiko dute Bilbotik, Gasteiztik, Iruñetik zein Donostiatik. Azaldu dutenez, zeharkaldiko izen ematearekin batera egin behar dute autobus txartelen erosketa interesdunek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide