Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute

Erredakzioa 2023ko uztailaren 4a

Bilgune Feministak, Morroxkak taldeak eta Euskal Herriko Emakumeen Martxak deitutako elkarretaratzea Lege Zaharren enparantzan (Intza Trula).

Asteburuko erailketa matxista salatu zuten atzo arratsaldean Lege Zaharren enparantzan.

Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Zarautzen Bilgune Feministak, Morroxkak taldeak eta Euskal Herriko Emakumeen Martxak deituta. 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekidea labankadaz hiltzea egotzita. Atxilotuak bere burua entregatu zuen polizia etxean, eta dagoeneko baieztatu dute genero indarkeria egotziko diotela gizonari. Sumarioa sekretupean dago.

18:30ean bildu ziren Lege Zaharren enparantzan, eta honako idatzia irakurri zuen Euskal Herriko Emakumeen Martxak taldeko kideak: 

"Har ditzagun kaleak! Feministok sutan gaude. Zortzi astetan, lau hilketa matxista gertatu dira. Azkena, pasaden larunbatean, Iruñean. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik kaleak hartu ditugu laugarren hilketa matxista hau gogor salatzeko.

Ermitagañako auzokideak Zhen zuen izena. Hemendik, gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu beren lau haurrei, familiei, lagunei.

Nazkatuta gaude! Gizartearen antolaketa patriarkalak, uneoro, indarkeria matxista gure artean egotea ahalbidetzen duelako: erakundeetan, kalean eta baita ingurune hurbilenean ere. Sotilenetik odoltsuenera, emakumeok ehunka eraso mota jasaten ditugu gure egunerokoan. Feministok oso argi daukagu hori, argi daukagunez arazoa egiturazkoa dela, sistema heteropatriarkalaren ondorioa, eta ez dela etengo gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Ozen diogu feminismoa gizartea errotik aldatuko duen bidea dela. Eskuina aurrera egiten ari den garaiotan, inoiz baino garrantzitsuagoa da politika feministak aldarrikatzea, herri-mugimenduetatik, eta eremu desberdinetatik lortutako guztiari balioa ematea eta atzerapausorik ez onartzea. Pertsona guztiok dugu bizitza bizigarriak bizitzeko eskubidea, jatorria, sexua edo gizarte-egoera edozein dela ere. Premiaz aldarrikatzen ditugu indarkeriarik gabeko bizitzak, bizitza duinak. Autodefentsa feministaz, sistema patriarkala irauli arte borrokan jarraituko dugu! Aski da! Erailketa matxistarik ez! Gora borroka feminista!".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide