Harrera beroa egin diote Tourrari Zarautzen ere

Aritz Mutiozabal - Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 3a

Nafarroa kaleko bi aldeak bete dituzte ehunka herritarrek txirrindularitza lasterketa ospetsuena bertatik bertara jarraitzeko.

Ikusmin handia sortu du Frantziako Tourra herritik pasatzeak eta hala erakutsi du arratsaldeak Zarautzen utzitako irudiak: ehunka lagun Nafarroa kaleko N-634 errepidea alderik alde hartuta.

Esan beharra dago, hala ere, luze jo duela itxaronaldiak bi ordutik gora pasatu baitira babesleen karabana herritik igaro denetik lehenengo txirrindulariak iritsi diren arte. Gainera, segundo gutxiko kontua izan da txirrindulariak pasatzen ikustea. Abiada handian pasatu dira guztiak. Lehenik eta behin, Neilson Powless mendiko sailkapeneko liderra eta Laurent Pichon frantziarra tropelari aurre hartuta eta haiengandik pare bat minutura ehun txirrindularitik gorako tropel handia.

Euskal Herrian jokatu diren hiru etapetan protagonista ari da izaten Powless estatubatuarra eta gaur ere eguneko ihesaldia hartu du. Dena den, txirrindulari handienak tropelean ziren, eta bakanen bat ezagutzu eta haren izena ozen oihukatzeko tarte gutxi izan dute herritarrek: Adam Yates maillot horia, Tadej Pogaçar taldekidearen atzetik, Jonas Vingegaard iazko irabazlea ere gertu zuten, baita beste hainbat izen handi ere: Julian Alaphilippe, Egan Bernal, Mathieu Van der Poel... Euskal txirrindulari esanguratsuenak ere baziren tropelean: Mikel Landa, Pello Bilbao, Omar Fraile, Ion Eizagirre...

Tropelaren ondoren, berriz, Ben O'Connor pasatu da atzeratuta. Sailkapen nagusian aurrean ibiltzeko hautagaietako bat da Ag2r Citroen taldeko txirrindulari australiarra, baina zulatua izan du Zumaian eta horregatik geratu da atzean. Edonola ere, taldekide bat zuen alboan tropelera itzultzen laguntzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide