Tourreko babesleen desfileak herritarrak girotu ditu

Aritz Mutiozabal 2023ko uztailaren 3a

Euskal Herritik igaroko den hirugarren eta azken etapa, Amorebietan hasi eta Baionan helmugaratuko dena, Zarauztik igaroko da 15:10 aldera. 13:20ak zirela igaro da Tourreko babesleen karabana ikusgarria, material eta produktu komertzialak oparitzen, eta jende andana bertaratu da Nafarroa kalera.

31 urte geroago, aurki igaroko da berriro Frantziako Tourreko tropela Zarauztik, eta horrek ilusioa eta ikusmina sortu du herritarren artean. Jendea dagoeneko Nafarroa kalean dago, tokia hartuta, aulkiekin eta bazkariarekin, ikurrinak eskuetan, bertatik bertara ikusteko munduko txirrindulari ekitaldi garrantzitsuena. Herritarrak ez ezik, euskal herritik etorritako nahiz nazioarteko zaletuak ere bertan dira; frantsesak eta novergiarrak, kasu.

Aurretik, babesleen karabana pasatu da, 13:20 aldera. Izugarrizko desfilea izan da, ikusgarria bolumenari dagokionez –Asterix eta Obelix erraldoiak ibilgailu gainean edo litxarreria marka ezaguneko hartz handiak–, opariak banatzen: mendiko onenaren borobil gorriko elastikoak, bisera horiak eta abar. Ia hogei minutu iraun du ikuskizunak, eta ondoren, pixkanaka jendea gutxitu egin da, baina mordoxka batek bertan jarraitzen du. Tourra behin pasatuko baita!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide