Frantziako Tourra Zarauztik igaroko da gaur eta eragina zuzena izango du trafikoan. Lasterketa 15:10ak aldera sartuko da herrian, Getaria aldetik, eta N-634 errepidea zeharkatuko du Oriora bidean.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera 15:10etik aurrera igaroko dira txirrindulariak herritik, eta Tourreko babesleen karabana ezagunak pare bat ordu lehenago egingo du, 13:23ean. Elastikoak, biserak eta bestelako opariak banatuko dizkiete errepide bazterrean diren zaleei. Hori dela eta, 11:30ean itxiko dute N-634 errepidea ibilgailuentzat eta oinezkoentzat, eta 16:00etarako zabalduko dute atzera berriro.
Aipatu ordu tartean, AP-8 autobidea erabili beharko dute ibilgailuek Zarauztik irteteko zein herrira sartzeko. Oinezkoek, berriz, N-634 errepidearen alde batetik bestera pasatzeko, Nafarroa kalean dauden hiru azpi pasabideak erabili beharko dituzte: San Frantzisko kalekoa, Sanz Eneako eta Iñurritzakoa.
Halaber, txirrindularien eta lasterketa osatzen duten gainontzeko kideen segurtasuna bermatzeko, errepideko elementu guztiak (seinalizazioak, edukiontziak, ibilgailuak...) kendu dituzte. Gainera, Hiribusaren zerbitzuan ere aldaketak egongo dira. 11:00 eta 16:30 bitartean, linea desberdinen ibilbideak eta ordutegiak aldatu egingo dira. Hona hemen gaurko ordutegi moldatua.
