Sanpelaioak behin amaituta, Zarauzko Udalak udako ekitaldien programa aurkeztu du. Adin guztietako herritarrei zuzenduta, 120 ekitalditik gora izango dira aurten uztailean eta abuztuan. Udaleko hainbat sailen laguntzarekin eta herriko elkarte, talde eta norbanakoekin elkarlanean, Turismo Bulegoak "denetik eta denentzat dakarren programa zabala eta gustagarria" prestatu duela aditzera eman zuen Xabier Txurruka alkateak.
Urteroko ildoari jarraituko dio, eta askotariko ekitaldiak osatuko dute egitaraua. Kirol arloan, esaterako, ez dira faltako Txaparrotan, 3x3 Saskibaloi Txapelketa, Zarauzko Estropadak, Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia, pilota eta erremonte jaialdiak eta herri kirol erakustaldiak.
Kultur esparruan, berriz, aukera zabala izango da. Datorren astean ospatuko den Kalerki kale antzerkiaren jaialdiarekin; Antzerkia Familian programaren barruan, Villa Manuelako frontoian izango diren emanaldiekin; edo Udako Musikaldiarekin, aurten bigarren urtez kontzertuak Santa Klarako elizan eskainiko dituztela.
Era berean, makina bat ekintza eta jarduera izango dira hilabeteotan, uda gozagarri bihurtuko dutenak. Horrez gain, Amabirjinen bueltako Aste Nagusiko kontzertuak ere iragarri dituzte: abuztuak 14an, Ithaka eta STR; abuztuaren 15ean, Zetak; abuztuaren 16an, Su ta Gar; abuztuaren 17an, Puro Relajo; abuztuak 18an, Mago de Oz; abuztuaren 19an, Bulego; eta abuztuaren 20an, Leize.
Esku programa etxez etxe banatuko dute. Euskarri digitalean lortzeko, klikatu hemen gainean.