Gobernua osatzeko akordioa sinatu dute EAJk eta PSE-EEk

Aritz Mutiozabal 2023ko ekainaren 30a

Irune Urbieta EAJ udal taldeko bozeramailea eta Gloria Vazquez PSE-EEko bozeramailea, akordioa sinatzeko unean. (Zarauzko Udala)

Azken zortzi urtetako elkarlanari jarraipena ematen dio gobernu itun berriak, eta hamahiru puntuko gidalerro bat prestatu dute ekin berri dioten agintaldirako.

2023-2027 agintaldirako gobernu ituna sinatu dute EAJ eta PSE-EEk. Gisa horretan, aurreko bi agintaldietako elkarlanari jarraipena eman diote Zarauzko Udalean, eta bi alderdiek koalizioko gobernua osatuko dute datozen lau urteetan. Ondorioz, eta orain arteko funtzionamenduari jarraiki, bi alderdiek izango dituzte ordezkaritzak udaleko kudeaketa eta erabaki organoetan.

“Alderdien arteko desberdintasunetatik harago, berriro ere Zarautzen eta zarauztarren alde lan egiteko akordiora iristeko gaitasuna izan dugu”, adierazi du Irune Urbieta EAJ udal taldeko bozeramaileak. Azken zortzi urteetako elkarlanaren ondoren, bi udal taldeen artean Zarauzko Udal Gobernua berriro osatzea adostu dutela zehaztu du: "Gogotsu eta ilusioz gaude herriaren alde lan egiten jarraitzeko”.

Gloria Vazquez bozeramaile sozialista ere baikor agertu da akordioarekin, eta azpimarratu du "herritarrentzat positiboa" dela bi alderdien arteko elkarlanak segida izatea. Bere esanetan, erakundeari "egonkortasuna" ematen dio eta "gobernuaren jarduera aberasten" du. Horrez gain, "Zarauzko herritarren aniztasunaren ordezkaritza handiagoa" islatzen duela iritzi dio.

Datozen lau urtetarako, bi alderdien hauteskunde programetan aurreikusitako jardun-arloak bateratu dituzte, eta hamahiru puntuko gidalerro bat osatu dute:

  1. Etxebizitza (Bigarren Etxebizitza Plan garatuko dute, bereziki Amillubi eta Itxasmendi eremuan; etxebizitzen birgaikuntza sustatzeko neurriak; hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea sustatu)
  2. Gazteria (Gazteria Departamentutik 30 urte bitartekoentzat Plan berri bat garatu)
  3. Jasangarritasuna (neurri zehatzak garatu Zarautz jasangarriagoa izateko; udal mailako energia berriztagarriak sortu eta garatu)
  4. Ingurumena (Eraztun Berde-Urdina garatzen eta Zarauzko naturguneak eta biodibertsitatea babesten jarraitu; Aldaketa Klimatiko Plana)
  5. Pertsonak (zarauztar guztientzako benetako integrazioa lortzeko politikak bultzatu)
  6. Parekidetasuna (Emakumearen Etxearen proiektua indartu; Berdintasunerako Ordenantza ezartzeko lanean jarraitu)
  7. Ekonomia eta Enplegua (herri ekonomia eta kalitatezko enplegua sustatzeko politikak garatu),
  8. Kirola (kirol instalazioak handitzen eta egokitzen jarraitu)
  9. Euskara (euskararen ezagutza eta erabilera mantendu eta bultzatzeko konpromisoa hartu)
  10. Gobernantza Irekia (pertsonari ematen zaion zerbitzu kalitatea hobetzen jarraitu, bereziki entzute aktiboa bultzatu) 
  11. Bizikidetza (bizikidetza plan bat garatu; indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko memoria ospakizuna mantendu)
  12. Trenaren lurperatzea (aurreko agintaldian hartutako konpromisoak landu eta lurperatzearen alde lan egin)
  13. Hiri zuhaiztia (Zarauzko Zuhaitzen Plan Zuzentzailean oinarrituta, hiri-zuhaiztia zaindu eta babesten dituen ordenantza bat egiteko konpromisoa hartu)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide