Aurtengo uda sasoirako 120 ekitaldi inguru antolatu ditu Zarauzko Udalak, eta tartean, berritasun moduan eta "apustu berezia" eginez, erromeriak antolatuko dituzte igande arratsaldetan Musika Plazan. "Erromeriak gure nortasunaren eta euskal kulturaren ezaugarriak dira, eta erromeria zaleei aukera eman nahi diegu neguan eta udaberrian Aristerrazun edukitzen duten plazari jarraipena ematekoa udan Zarautzen", zehaztu du Jaien eta Ekitaldien zinegotzi Leire Aranak: "Gure asmoa herria dantzan jartzea da".
Ekimena udalarena izan da, eta Aristerrazuko jendea lagun izan dute abian jartzen. Aranak adierazi du udarako herri kirolen erakustaldiak programatzen hasi zirenean herritar askoren interesa piztu zuela, eta, ildo beretik, igandetako dantzaldietarako erromeriak txertatzea bururatu zaiela.
Guztira, bederatzi emanaldi antolatu dituzte, igande honetan bertan hasita, eta saio guztiak 19:30ean izango dira. Udako erromeriak estreinatzen lehenak Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallus izango dira; uztailaren 9an, Ansorregi eta Larrañaga; uztailaren 16an, Alaitz Roteta, Ainara Saizar eta Arkaitz Allur; uztailaren 23an, Bide Batez taldea; uztailaren 30ean, Izer eta Alabier, eta Laja eta Narbaiza: abuztuaren 6an, Fan&Go taldea; abuztuaren 13an, Eingo taldea; abuztuaren 20ean, Naiara, Lanberri eta Naiara; eta abuztuaren 27an, azkenik, Elustondo anai-arrebak.
"Aberasgarria trikitixarentzat"
Iñaki Etxaide Lanberri trikitilariak azaldu du pozgarri dela horrelako ekimen bat aurrera eramatea herrian, trikitixarentzat "aberasgarria" delako. Zentzu horretan, eskertu nahi izan du udalak egin duen apustua, baita programatu dituzten saioetan parte hartuko duen gehiengoa zarauztarrak izatea ere. "Zarautz beti izan da nahiko herri trikitilaria, eta batzuetan pentsatu izan ohi dugu zaletasun hori galtzen ari ote den. Horrelako ekimenek, aitzitik, bere bultzadatxoa ematen diote", nabarmendu Lanberrik.
Aristerrazuk tradizio handiko plaza da, baina udan geldialdia egiten du inguruan festa ugari izaten direlako. "Zentzu horretan, agian, ez da egoten hainbesteko erromeria beharrik. Edonola ere, uda sasoian segida eman ahal izatea interesgarria da. Jendea hurbilduko dela pentsatzen dugu, eta horrez gain, zaletasuna sortzeko ere balioko du. Era berea, kanpotar asko ibiliko da, eta haiei ere gure musika ezagutzera emateko modua izango da".