Zarauzko Udala Biarritzen izan zen joan den ostegunean, itsasoaren batez besteko mailaren igoeraren aurrean tokiko administrazioak arriskuetara egokitzeko hartutako neurriak ezagutzeko. Urban Klima 2050 ekimenaren barruan antolatutako bisita izan zen, eta bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendari Adolfo Uriarte eta Ihobe, Azti, Tecnalia eta Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Eskolako ordezkariak. Zarauztik Xabier Txurruka alkatea bertaratu zen.
Bisitaldian Wave Submersion zerbitzu operatiboa bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten. Rivages ProTech-Suez ikerketa-zentroak Biarritzeko hondartzan abian jarri du, eta ekaitzek eragindako eta klima-aldaketari lotutako tokiko eraginak ebaluatzeko eta arintzeko zerbitzua da.
Bestalde, Ihobeko eta Aztiko ordezkariek Zarauzko itsas pasealekurako garatutako jarduketa-aukeren azterketa aurkeztu zuten. Lan horretan hondartzaren erabilera bermatzeko eta klima-aldaketaren testuinguruan hondartzaren higadura eta uholde arriskua murrizteko neurri potentzialen katalogo bat bildu eta proposatu dute.