Pagoeta mendizale elkarteak bi eguneko irteera egingo du datorren asteko asteburuan. Uztailaren 8an eta 9an, alegia. Elkarteak zehaztu duenez, goizeko 06:00etan abiatuko dira Agueseko biribilgunetik eta bi zonaldetan egingo dituzte ibilaldiak.
Larunbatean, Corral de las mulas izeneko lekutik hasiko dute txangoa eta culibillas bailaratik jarraituko dute ibones de Anayet delako paraje ederrera iristeko. Ingurumarietako paisaiarekin bista gozatu ondoren, Anayet mendiaren magalean zehar La Rinconadara jaitsiko dira. Handik ezaguna zaien Canal Roya bailara egingo dute bida eta Riosetan amaituko dute ibilbidea. Azaldu dutenez, zailtasun teknikorik ez du izango eta 16,5 kilometro egingo dituzte 660 metroko desnibel positiboarekin.
Igandean, berriz, Pont de Gerbes zubian hasiko dute ibilbidea gaua Kandantxuko Aguilas aterpean egin ondoren. Handik Chemin de la Mature bide hartuko dute bertatik jarraituta pagadi batera helduko dira. Ondoren, Granges de Perry delakoaren ondotik igaroko dira eta bidegurutzean ezkerrera eginaz, Arraseko lepora iritsiko dira. Handik aurrera, bideak beherantz eramango ditu eta pago, astigar eta haritz bakan batzuen artean bidaiatuz, hasierako puntu berera iritsiko dira. Zailtasun teknikorik gabekoa izango da igandeko ibilbidea ere eta larunbatekoa baino zertxobait laburragoa 10,2 kilometro izango baititu. Dena den, gogorragoak izango dira 740 metroko desnibel positiboa izango duelako.
Interesdunek uztailaren 1era arteko epea dute izena emateko. Horretarako, mendizale elkartearen kontu korrontean ordainketa egin beharko dute, eta, ondoren, pagoetame@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzi beharko dute norberaren datuekin eta ordainagiriaren dokumentuarekin. Horren harira, zehaztu dute 25 urtez azpiko bazkide gazteek 55 euro ordaindu beharko dituzte eta 60 helduek. Bazkide ez direnentzat, aldiz, garestiagoa izango da kuota: 60 euro gazteentzat eta 100 helduentzat. Prezioaren barruan sartzen dira autobus joan-etorria, afaria lotarako lekua eta gosaria.
Halaber, ohartarazi dute plazak mugatuak direla. 40 lagunentzat gehienez.
Diapositiba emanaldia
Horrez gain, Pagoeta mendizale elkarteak jakinarazi du Izan zirelako gara eta garelako izango dira diapositiba emanaldia egingo dute bihar Alejandro Vazquez Xarra-ren irudiekin. 18:45ean jarri dute hitzordua elkartearen aretoan eta ondoren luntxa ere egingo dute. Bertaratu nahi duenak bere edalontzia eramatea eskatu dute.