Astelehenean eskualdetik igaroko den Frantziako Tourra txirrindularitza lasterketak trafikoan ez ezik, zaborraren kudeaketan ere izango du eragina. Hori horrela, gaurtik uztailaren 4ra, asteartea, Zarauzko hainbat edukiontzi gune lekualdatu edota kenduko dituzte lasterketan parte hartuko duten txirrindularien segurtasuna bermatzeko. Nolanahi ere, aldaketaren eragina pairatuko duten herritarrei bermatuko diete beren zaborra beste gune batean bota ahal izatea.
Kenduko dituzten edukiontziak Aiten Etxen eta Nafarroa kaleko 2., 6., 8., 9., 11., 20., 22., 23., 39., 41., 61. eta 64. zenbakietakoak izango dira zehazki, eta zaborra Aiten Etxen bota behar duten herritarrek San Inazio kaleko edukiontzietan egin ahalko dute gaurtik asteartera bitartean. Nafarroa kaleko aipatu zenbakietako bizilagunek, aldiz, beren gunean izango dute zehaztuta zaborra non bota.
Nafarroa kaleari lotuta, era berean, 10., 12. 26. 40. 60. eta 62. zenbakietako edukiontziak lekualdatu egingo dituzte eta bertako bizilagunek aldameneko espaloian bota beharko dute zaborra. Aldaketek iraun bitartean, orain arte bezala, hondakinak ondo sailkatzen jarraitzeko deia egiten diete herritarrei.