Intsektuak galtzen ari direla ohartarazteko hitzaldia antolatu du Arkamurka Natur Elkarteak biharko. Modelo aretoan egingo dute 19:00etan hasita eta Unai Ugalde biologo eta Biokimika Mikrobianoan doktoreak emango ditu azalpenak.
Ugaldek azalduko du, besteak beste, intsektu bat desagertzeak hogei landare galtzea eragin dezakeela, hark polinizatzen dituelako. Horrek eragin zuzena du herritarren elikaduran ere; zeren, gizakiak jaten dituen barazki eta fruituen hiru laurdenak intsektuen polinizazioa behar du. Hori jakinda, Euskal Herriko ekosistemak zaintzea bertakoei dagokiela eta Unesco noiz etorri zain egon beharrik ez dagoela defendatuko du Ugaldek.
Hitzaldiaren ondoren, solasalditxoa egingo dutela zehaztu dute antolatzaileek entzule askok parte hartu dezaten.